Datorren astelehenean hasiko da udako denboraldia Fanderiako eta Beraungo udal-igerilekuetan

Beraungo igerilekua

Datorren astelehenean, ekainaren 20an, hasiko da udako denboraldia Fanderiako eta Beraungo udal-igerilekuetan, eta irailaren 11 arte luzatuko da bietan.

Errenteriako udal kirol instalazioetan abonaturik dauden bazkideek bi instalazio horietarako sarrera abonamenduaren barne dute. Era berean, instalazioetara sartu ahal izango da eguneko sarrerekin, 5 sarrerako bonuekin, zein udako denboraldian bi instalazioetara sartzeko aukera ematen duten bonu bereziekin.

Beraungo igerilekuaren ordutegia

Beraungo igerilekuaren ordutegia hau da: 10:30etik 21:00etara.

Aldaketak Fanderiako igerilekuan eta Galtzarabordako kiroldegian

Fanderiako igerilekua

Fanderiako igerilekuen ordutegia ere aldatu egiten da udan, eta 9:00etatik 22:00etara daude zabalik asteko egun guztietan, igande eta jai-egunetan barne. Bestalde, Galtzarabordako kiroldegiko igandeetako ordutegia 8:00etatik 14:00etara izango da, ekainaren 19tik irailaren 11ra arte, biak barne.

Informazio gehiago nahi izanez gero, Fanderiako instalazioetako (943 344 423) eta Beraungo igerilekuetako (943 449 698) harreretan eska daiteke.