Amets Odriozolak irabazi ditu ‘Berria zabalik’ kanpainako 1.000 euroak

Alazne bitxi dendak 1.000 euroko bonua izango du, Berrian publizitatean gastatzeko, eta Amets Odriozolak, berriz, 1.000 euro dirutan, kanpainan parte hartu duten tokiko establezimenduetan kontsumitzeko.

Maiatzaren 10ean abiatu zuten Berria zabalik kanpaina Errenterian, tokiko ekonomia biziberritzeko helburuarekin, eta Berria egunkariari ikusgaitasuna emateko asmoz.

Hilabeteren ostean, kanpainak baditu irabazleak: Amets Odriozola izan da norbanako sariduna eta 1.000 euro izango ditu kanpainan parte hartu duten establezimenduen artean gastatzeko hiru hilabeteko epean. Dendari eta ostalarien artean, berriz, Alazne bitxi denda izan da saritua. Azken horrek 1.000 euroko bonua izango du Berrian, paperezko egunkarian eta webguneko edizioan, publizitatea jartzeko.

Euskarak indarra hartu eta presentzia handitu du merkatarien artean
Errenteriako 71 denda eta tabernak parte hartu dute Berriak antolatutako ekinaldian. Tokiko merkatari talde zabal batek harrera beroa egin die Berriari eta hark ekarri duen kanpainari, eta euskarak plazak irabazi ditu herrian.

Sektoreei erreparatuz gero, gehienak arropa eta osagarrien dendak izan dira (24); jarraian, osasuna eta edertasuna ardatz dituzten establezimenduak daude (14), janari dendak (12), tabernak (10), etxe apainketako dendak (4), zerbitzuak (3), etxetresnen saltokiak (2), informatika dendak (1), eta liburu dendak (1).

Horrekin batera, 14.000 norbanakok bete dituzte erosketa aldian zozketan parte hartzeko txartelak. Ekainaren 6tik 14ra bitarte, errenteriarrek beste abagune bat izan dute herrian bertan erosteko hautua egiteko, eta, kanpainaren oihartzunari esker, eskualdetik ere bertaratu dira hainbat herritar erosketen orgak betetzera.

Tokiko eragileen babesa
Berria zabalik kanpainak tokiko eragileen erabateko babesa izan du.

Errenteriako Udalak ekinaldia babestu eta erraztasun guztiak eskaini ditu, eta, hala, kanpainaren balioekin bat egin du hasieratik: euskara, tokiko ekonomia biziberritzea eta Errenteriako biztanleen egunerokoan eragitea. Modu berean, Errenkoalde Errenteriako merkatarien elkartea lagun izan dute une oro, bazkideen arteko zubi lanak egiten eta merkatari txikiei ahotsa ematen. Aldi berean, Kutxabank finantza erakundeak diruz babestu du kanpaina hau.