Udalak Sarriegi plaza berrurbanizatu du belaunaldi arteko begiradarekin, adinekoak eta haurrak hartu baititu kontuan

Beraun 2022-06-17 | 0

Obrak 3.400 m2 leheneratzea ahalbidetu du eta 474.708 euroko aurrekontua izan du.

Esku-hartze horren helburua plaza erakargarriagoa, funtzionalagoa eta irisgarriagoa egitea izan da, eta, aldi berean, altzari berriak jarri dituzte. Altzari horiek adin guztiak (0-99 urte) hartzen dituzten arren, arreta berezia eskaintzen die adin txikikoei eta helduenei. Aipatu ekintza jasoa zegoen agintaldi planean eta beronen betetze maila betetzen jarraitzera dator.

Plazaren diseinuak hezkuntza-ikuspegia jasotzen du, haurren mugimendu- eta sormen-garapena bultzatuz. Gune honek, halaber, zahartze aktibo eta osasungarriaren aldeko apustua egiten du, eta adin desberdinetako pertsonen arteko topagune eta zaintzarako gune izan nahi du.

Obra berezia
Garaje-eraikin baten gainean dagoen plaza denez, eta horrek baldintzatu egin duenez egin zitekeen esku-hartze mota eta, beraz, haren konplexutasuna, lan hori egokitu eta koordinatu egin dute garaje horien emakidadunek horiek iragazgaizteko egin behar zituzten jarduketekin.

Egindako jarduketak
Obra honekin plaza irisgarriagoa izateko zeuden oztopo arkitektonikoak kendu dituzte. Berdeguneak ere handitu dituzte, eta puntu ilunak edo kritikoak kendu. Gainera, hiri-altzariak berritu dituzte, argiztapena hobetuz, ur-iturri bat erantsiz eta eskudelak eta barandak jarriz.

Oro har, birsorkuntza honekin plazaren hobekuntza funtzional eta estetikoa sendotu dute, bertako egonaldia atseginagoa eta erosoagoa bihurtuz eta Beraun auzoan erreferentziazko espazio berri bat sortuz.

Adinekoei eta haurrei begiratzen dien plaza
Proiektu honek, hasieratik, batez ere adineko pertsonen eta haurren beharretan jarri du begirada.

Ildo horretan, esan behar da plazan jarri duten haur-parkeak Txirrita Parkea bezalako beste parke batzuen ereduari jarraitzen diola, Errenteriako Udalak udalerri hezitzailea izateko egin duen apustuarekin bat eginez.
Adinekoak ere kontuan hartu dituzte plazaren diseinuan. Zehazki, ibilbide guztiz irisgarriak sortzeaz gain, egonaldi eta elkarguneak zabaldu dituzte eta aire zabaleko ariketa egiteko aukera ematen duten makinak eta elementuak instalatu dituzte.

No comments yet.

Utzi erantzuna