Erakusketa iraunkorren atzerabegirakoa Jantziaren Zentroan

Jantziaren Zentroak bost urte bete ditu aurten, urteurren hori gogoan, Kapitain Etxean zabalduko duten erakusketa iraunkorra atzerabegirakoa izango da.

2017az geroztik, bost erakusketa iraunkor jarri dituzte Kapitain Etxean, orotara 163 jantzi; horien artean 33 aukeratu dituzte erakusketa iraunkor berrirako.

Proposamen berriak lehen solairuan hasi eta bigarrenean amaituta, 33 jantzien bidez, modaren bilakaera ezagutzeko aukera emango die bertaratzen direnei, XVIII mendean hasi eta 1960 urtean amaituta.

Erakusketa bera Jantziaren Zentroaren garapenaren ispilu da eta azken urtetan egin duten moduan maniki guztiek jantzita daramaten jantziaren garaiko orrazkera dute (kartulina zuriarekin egindako ile ordeak dira).

Oraingo honetan xehetasunetan erreparatu du Jantziaren Zentroak: burukoak, kapelak, betaurrekoak, eguzkitakoak, lepokoak… Horietako asko lehen aldiz jarri dituzte ikusgai. Gauzak horrela, 2017ko lehen erakusketa iraunkorrean, ikusgai izan zen jantzi bat xehetasun gehiagorekin izango da orain: orrazkera, buruko berezia, eskularruak…

Azken erakusketa iraunkorrean egin zuten moduan, areto bakoitzean bi tablet jarri dituzte, bakoitzean jantzi bana 360ºtan ikus daitezke. Bereizmen handiko 36 argazki dira, biraren hamar graduko bana.

Udan ilunabarrean zabalik

Aurreko bi udako eskaintzei eutsiz, uztailaren 2an eta abuztuaren 13an, ilunabarrean, bisita gidatu berezia eskainiko du Jantziaren Zentroak. Uztailaren 2an iluntzeko, 20:00etan, euskaraz izango da bisita eta gaztelaniaz 21:00etan. Abuztuaren 13an, berriz, 20:00etan 21:00etan gaztelaniaz.

Bisita gidatuak ordu t’erdiko iraupena dauka eta bost euroko prezioa. Parte harzeko aurrez izena eman behar da. Bi bide daude horretarako: Errenteriako turismo bulegora deituta (943 49 45 21) ala jantziarenzentroa@errenteria.eus postara idatzita.