Mendeurrenaren urtean erabiliko duen ospakizun-logoa publiko egin du Touring kirol elkarteak

Kirola 2022-06-21 | 0

Bihar, ekainaren 22an, Touring futbol elkarteak 99 urte beteko ditu eta gaur publiko egin dituzte prestatzen ari diren mendeurren ospakizunetako zenbait kontu. Mendeurrenaren elastikoak eramango duen ospakizun-armarria aurkezteko ekitaldian taldearen zuzendaritzak eta alkateak zein udal alderdien ordezkaritzak parte hartu dute.

Kirol taldearen izenean, Mikel Azkune lehendakariak azaldu du mendeurrena betetzear dagoen une honetan Touring-ek erronka argia dituela aurretik. Hala nola, kudeaketa sendotzea, berdintasuna, inklusioa eta hizkuntza normalizazioa nabarmendu ditu bere hitzartzean, ahaztu gabe kirol errendimendua. Azkeneko alor honetan egindako lanaren adibide gisa aipatu ditu lehen taldeen maila igoerak edo emakumeen taldea egiten ari den ibilbidea.

Irailean hasiko den denboraldia izango da bere baitan mendeurrenaren ospakizunak bere barruan hartuko dituena eta programa osoa aurkeztu ez badute ere taldearen zuzendariek esan dute nez, ez dira faltako publiko guztientzako ekimenak “elkarteekin egindako lana ikaragarria delako”.

Aizpea Otaegi alkateak ere hitza hartu du ekitaldian, eta gogora ekarri du kirol taldea baino gehiago dela Touring. “Touringa herriaren ikurra ere bada, mendeurrena taldearena ez ezik herriarena ere bada”. Izan ere, alkateak nabarmendu nahi izan baitu herriko eragileekin elkarlanean osatzen ari den ospakizun-programazioa partehartzailea eta askotarikoa izango dela.

Otaegik bat egin du kirol elkartearen ordezkariekin eta gogoratu du kirolak balio duela inklusioa, berdintasuna eta hizkuntza normalizazioa bezalako arloetan lan eraginkorra egiteko.

Ekitaldia amaitzeko Ibon Izagirre diseinatzaileak egindako mendeurrenaren logoa aurkeztu dute. Hain zuzen ere, plazaraturiko irudia Tourinen zaleek aukeratu dute futbol zelaian jarritako boto-kutxen zein internet bidez emandako botoekin. Boto emaile guztien artean, Zamalbide jatetxeko bazkari bat eta mendeurrenaren elastiko bat zozkatu dituzte.

No comments yet.

Utzi erantzuna