Errenteriako ostalaritza-sektoreak etorkizunari aurre egiteko plan estrategikoa ondu du

Errenkoaldeko parte den Ostari ostalarien elkarteak, eta taldetik kanpo diharduten alorreko zenbait ostalarik bat egin dute Errenteriako ostalaritza-sektorearen plan estrategikoa osatzeko. Mota honetako lanetan ohikoa den moduan egoeraren diagnostikoa eta berori hobetzeko lan ardatzak deskribatzen ditu egitasmoak. Ikertalde enpresaren ezagutza izan dute bidelagun ostatuetako arduradunek lana osatzeko eta eurek azaldu moduan, udalaren babesa ere izan dute lan hau egiteko garaian.

Ikertaldeko Gorka Goikoetxea teknikariak azaldu du planaren edukia eta diagnostikoarekin batera atzemandako erronkak aletu ditu. Aurrera begira jorratu beharreko gaien artean, bezeroen ohitura berriei ohitzeko beharra, digitalizazioa eta pandemiak eragindako zenbait aldaketetara egokitzeko premia aipatu ditu.

Aurrera begira, berriz, zenbait lan ardatz atzeman dituztela argitu du Goikoetxeak:

  • Hirigintza alorrean jardutea: lokal hutsen egoera, terrazak jartzeko araudiak…
  • Digitalizazioa
  • Lehiakortasuna, hau da, negozioen kudeaketa egokia
  • Kohesioa edo talde gisa funtzionatzea
  • Eta planaren garapena bera gobernatzeko espazioen sorrera eta erabilera

Natxo Simonek hitz egin du ostalarien izenean, eta planaren egokiera aipatzeaz gain. Zenbait ekintza nabarmendu nahi izan ditu. Ekintza hauek guztiak planean jasotako lan ardatzekin harreman zuzena daukate eta ostalarien azkeneko urteetan egindako ahaleginari forma ematen diote.

Ostalariek planteatu dituzten ekintza zehatzen artean aipagarri dira, besteak beste, egoera eta kontsumo ohitura berrietara egokitzeko ekintzak, udalarekin interlokuzioa edukitzea, sortu duten praktika onen dekalogoa, edo aurretik dituzten erronkei aurre egiteko dinamizazio ekintzak.

Errenteriako alkate Aizpea Otaegik ere bere ekarpena egin du planaren aurkezpenean, izan ere, erakundearen ordezkariak ezinbestekotzat jo baitu ostalaritza herri bizigarriagoa egiteko duen garrantzia aisialdiarekin duten zerikusia dela-eta, baina baita beste kontu askoren artean, enpleguan duen eraginagatik ere.

Otaegik zortekoa jo du Errenteria duen ostalaritza sektore biziagatik, “eta maiz esaten denaren kontra, elkarlanean eta talde gisa erakusten ari den joeragatik”.