Herriko ikastetxeetako haurrek parte hartu duten ‘Zubiak Eraikiz’ proiektuaren laburpen-bideoa ikusgai dago

  • Errenteriako Haur eta Lehen Hezkuntzako 1.500 ikaslek hartu dute parte proiektu honetan

‘Zubiak Eraikiz’ ekimen partekatu honek aniztasunaren balioa zentzu zabalean lantzea izan du xede nagusi, horretarako herriko ikastetxeen eta udalaren arteko elkarlana sustatuz.

Ikasturtez ikasturte, askotarikoak dira herriko ikastetxe guztiekin eta eskualdeko Berritzegunearekin hezkuntza mahaian jorratzen diren proiektu eta ekimenak. Guztiek aintzat hartzen dituzte herri hezitzailearen baloreak eta erdigunean izaten dute ikastetxe ezberdinetako ikasleen arteko elkarguneak sortzea.

2021-2022 ikasturtea ere oparoa izan da, zentzu honetan. Pandemiaren kudeaketak ikasleen arteko hartu-eman presentziala ahalbidetzea oztopatu badu ere, askotariko proiektuak burutzeko aukera izan da.

Ekimen-sorta horren adibide dira laburpen-bideo honetan jasotzen diren ekintzak, kasu honetan haur eta lehen hezkuntzako 6 ikastetxeekin landutakoak.

Lehenik eta behin, martxotik apirilera bitartean, gizarte inklusioan hezteko programa bat garatu da Mindararen eskutik, non ikasleek bertatik bertara ezagutu ahal izan duten aniztasun funtzionala duten pertsonen errealitatea.

Bestetik, Katxiporreta Elkartearen ‘Amaren Intxaurrak’ ikuskizunari esker, haur-hezkuntzako ikasleek irri, kantu, dantza eta jolasen artean gure eguneroko bizitzan hain presente dagoen heriotzaren gaira gerturatzeko aukera izan dute.

Amaitzeko, Idoia Beratarbide margolariak gidatuta, emakumeak artearen bidez ikustarazteko aukera izan dute ikasleek. Lan korala izan da eta Lino plazan dagoen horma-irudian islatu da.

Hona bideoa: