Pontikan aparkaleku-eraikin berria egiteko obrak lizitaziora atera ditu Udalak, Barandiaran parkea errealitate bihurtzeko urrats garrantzitsua emanez

Aparkalekuaren proiektua

Udalak lizitaziora atera du Pontikan aparkaleku-eraikin berria egiteko obren kontratua.

Kontratatu beharreko lanen aurrekontua 3.248.422,12 eurokoa da (BEZa barne).

Aparkalekuak egiteko bikoitza izango du; batetik, disuasio-aparkalekua izatea kanpotik datozenentzat, eta, bestetik, bertakoen aparkaleku-eskaerei erantzutea.

Aparkalekuaren proiektua

Hiru solairuko eraikin bat eraikitzea aurreikusten da, 183 aparkaleku berri egiteko. Horrela, Barandiaran parkea eraikiko den orubean dauden aparkaleku-plazen kopurua handituko da.

Aparkalekua eraikiko den lekua Beraun kalearen behealdean dago, Arditurri kaleko garajeen aurrean.

2019-2023 Agintaldirako Planean jasotako jarduera

Pontikako eremuan aparkaleku berriak eraikitzea Errenteriako 2019-2023 Agintaldirako Planean jasotako jardueretako bat da.

Hasiera batean aparkalekua Jose Miguel Barandiaran parkearen azpian eraikitzea aurreikusita zegoen, baina beste leku batean kokatu zen, parkearen eraikuntza ez atzeratzeko helburu nagusiarekin.

Aparkalekua Beraun kalearen behealdean birkokatzeari esker, ibilgailu gehiago hartzeko edukiera handitzeaz gain, parkea egiteko azalera epe laburragoan erabiltzeko aukera egongo da.

Parkea, gero eta gertuago

Eraikin hau eraikitzea ezinbesteko urratsa da gaur egungo orubea ibilgailuz libre uzteko.

Azken urte honetan, etorkizuneko Barandiaran parkea definitzeko prozesu bat egin da. Halaber, lurzoruaren kalitatearen azterketa osatzeko eta gaur egungo egoera ezagutzeko beharrezko zundaketak egin dira. Aldi berean, indusketa-plan bat idazten ari dira, eta parkea egiteko proiektua lizitatzen ari dira.

Orain, garajeen lizitazioarekin urrats garrantzitsu bat egin da parkea lortzeko, obra honekin gaur egun Barandiaran parkearen espazioan dauden aparkalekuen birkokapenari irtenbidea ematen baitzaio.

Azken batean, urrats garrantzitsuak ematen ari dira proiektu hau aurrera eramateko, udalerriko parke handienetako bat izango dena.