Euskadiko Filmategiak Antxon Eceiza zinemagilearen funtsa katalogatu du eta bertan kontserbatuko dira material guztiak, Errenteria, Pasaia, Hernani eta Andoaingo Udalekin sinatutako hitzarmen bati esker

Irudia: Euskadiko Filmategia

Antxon Eceiza (1935-2011) zinemagile donostiarraren funts dokumentala, bibliografikoa eta grafikoa bateratuta kontserbatuko da eta komunitate zientifikoaren eskura egongo da Euskadiko Filmategiaren artxiboan, Errenteria, Pasaia, Hernani eta Andoaingo Udalekin sinatutako hitzarmen bati esker.

Eceizaren alarguna zenak, Josefina Rubiok, Errenteria, Pasaia, Hernani eta Andoaingo Udalei oinordetzan utzi zien bere senarraren funtsa.

2020an udalek ondarea Euskadiko Filmategian uztea erabaki eta Filmategiarekin hitzarmen bat sinatu zuten. Hitzarmen horren arabera, Euskadiko Filmategiak material horiek modu egokian kontserbatzeaz gain, horien katalogazioa egiteko ardura hartzen zuen.

Filmategiak funtsa osatzen duten materialak jaso eta egokitutako artxiboetan gorde zituen. Gero, edukien inbentarioa eta katalogazioa egin zuen. Antxon Eceiza Funtsa material bibliografikoez, zinematografikoez eta audioez osatuta dago. Material bibliografikoarekin 257 erregistro sortu dira: Eceizak idatzitako gidoiak, sinopsiak, testuak, gutunak eta artikuluak badaude. Gehienak mekanografiatuak dira, baina badaude eskuz idatzitakoak ere. Halaber, gidoi berriak prestatzeko erabilitako materiala, oharrak eta ideia solteak ere aurkitu daitezke. Prentsa artikuluen artean, Antxon Eceizari buruzko testuak badaude, baita etorkizuneko proiektuak lantzeko interesgarritzat jotzen zituenak ere. Gainera, bere filmografiarekin eta bere ibilbidearekin lotura duten diplomak eta argazkiak badaude. Bestalde, funts honetan 51 audio zinta magnetiko daude. Zinta guztiak Eresbilek (Musikaren Euskal Artxiboak) digitalizatu ditu. Gehienak Ikuska saileko filmeetako elkarrizketen audioek osatzen dute. Azkenik, sei zine bobina (Super-8mm) daude, guztiak Ikuska sailaren filmetako irudiekin eta baztertutako eszenekin.