Madalenetako egitaraua aurkeztu dute korporazioko kideek

2022ko Madalenetako programaren aurkezpen ofiziala egin dute gaur, hilak 12, Herriko plazan, udal ordezkariek.

Hasteko, Aizpea Otaegi alkateak Madalen jairik gabeko bi urte igaro ondoren, aurtengoak “desio eta irrika bikoitzarekin” hartuko ditugula adierazi du.

Alkatearen hitzetan, Madalen jaiak komunitatea birsortzeko ezinbesteko hitzordua dira: “Herri honekin eta elkarrekiko dugun konpromisoa berritzeko egunak dira”.

Era berean, Madalenak hiru baliorekin hertsiki lotuta daudela nabarmendu nahi izan du: “Alde batetik partaidetza, herriko persona eta eragileen inplikazioarik gabe ez dagoelako horrelako programazio anitza eta askotarikoa osatzerik. Bestetik, konpromisoa, herri hau konpromisoaren gainean eraikia baitago. Madalen jai hauetan omenduko ditugun Ekintza BIBE eta Arrats Elkartea konpromiso horren adibide garbia dira. Gure jendarteko persona eta kolektibo zaurgarrienen alde, sarri ikusezin zaizkigunon alde, finean, herri honen kohesioaren alde, egiten duten lanari aitortza kolektiboa da izango duten omenaldia”.

Azkenik, hirugarren balioa nabarmendu nahi izan du: zaintza. “Bakoitzak maite duena eginez eta maite dituenekin, berdintasunean eta aniztasunean gozatutako festak nahi ditugu. Begi bat norberaren gozamenean jarrita, bestea ingurukoenean. Eraso sexistak, LGTBIQ+foboak, sexu erasoak, arrazistak edota bestelako desberdinkeriatan oinarritutako erasoek inolako tokirik izango ez duten jaiak nahi ditugu eta hori guztion ardura da”.

Bere aldetik, Maite Gartzia Kultura zinegotziak Jai Batzordearen eginkizuna azpimarratu du. Elkarte ugari aritu da aurten ere lanean adin guztietarako egitarau zabal eta anitza prestatzeko ardura Udalarekin elkarbanatuz.

Azken urteotan bezalaxe, txupinazoa bizitzeko modu ezberdinak izango direla jakinarazi du: mila koloreko txupinazo txikia, Holi txupinazoa eta txupinazoa zuzenean bizitzeko hiru aukera; izan ere, Herriko plazan, Zumardian jarritako pantaila erraldoian edo Herri Bizia webgunearen bitartez ikusi ahalko da.

Agerraldian, aurtengo musika programazio zabala nabarmendu du eta horren harira atera den kartela erakutsi du.

Alkateak azpimarratu du erasorik gabeko jaien alde lanean ari direla eta horretarako hainbat ekimen jarriko dituztela martxan. Horien berri datozen egunetan emango dutela aurreratu du.

Programa, paperean eta digitalean

Bihartik aurrera eskuratu ahal izango dira bai egitaraua eta baita poltsikorako bertsioa ere. Hilaren, 13, 14 eta 15ean egingo dute banaketa 10:00etatik 13:00etara udaletxeko arkupetan.

Baina Herriko plazako arkupeak ez dira izango programa jasotzeko leku bakarra: Lekuona Fabrikan, Galtzaraborda, Fanderia eta Beraungo kirol instalazioetan eta gainontzeko udal eraikinetan ere izango dira eskuragarri. Herriko auzo elkarteei ere eskaini dizkiete egitarauak eurek bana ditzaten. Horrez gain, Oarso aldizkariarekin ere banatuko dute.

Guztira, 9.400 ale argitaratu dituzte paperean.

Digitalean, berriz, herribizia.errenteria.eus/madalenak helbidean izango da egitarau osoa.

Azkenik, herritarrei gonbita luzatu die Gartziak, jaiak nola bizi dituzten partekatu nahi badute #Madalenak2022 traola erabiltzeko, sare sozialetan argazkiak, txioak… sareratzerako orduan. Madalenen kontakizun kolektiboa egin ahal izango da modu horretan.