Badalab hizkuntza berrikuntzako laborategiak proiektua aurkeztu du gaur Errenterian

  • Partzuergo moduan eratu zen 2021eko uztailean, eta aurtengo irailean hasiko du esperimentazio-jarduera

2021eko uztailaren 21ean eratu zen juridikoki Badalab partzuergoa, Etorkizuna Eraikiz programaren testuinguruan, euskara biziberritzeko eta hiztunen arteko berdintasuna sustatzeko esperimentazio gune erreferentziala bilakatzeko. Harrezkero, eta behin eratzeko izapideak osatuta, lantaldea, egoitza eta egitasmoa antolatzea izan dira helburuak. Hirurak beteta aurkeztu da laborategia Errenterian, irailetik aurrera jardun betean hasteko prest.

Sorrera beretik da berezia hizkuntza berrikuntzako laborategia. Etorkizuna Eraikiz ekimena bera baino lehenago abiatu zen gogoeta prozesu bat, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaritzak sustatu zuena. Helburua zen euskara biziberritzeko erakunde publiko eta eragile sozialen artean biziberritze prozesua bera eraginkorrago bihurtzeko bidea aurkitzea. Ibilbide horrek topo egin zuen Etorkizuna Eraikizeko errei nagusiarekin, eta hor hizkuntza eta berrikuntza uztartuko zituen erreferentzia zentro bat kokatzeko aukera antzeman zen.

2018tik hona abian da laborategiaren helburuen eta diseinuaren inguruko gogoeta –Langunek, Elhuyarrek, Emunek eta Soziolinguistika Klusterrarekin gidatu dute, Aldundiarekin batera–, gainontzeko erakundeen eta euskalgintzako ordezkarien partaidetzarekin. 2020-2021 eratze lanetan eman ziren eta 2022an gorpuztu dira laborategiaren gida estrategikoa eta ekintza plana, hori kudeatuko duen lantaldea eta ekosistema, eta laborategia bere baitan hartuko duen espazio fisikoa, Errenteriako Madalen kalearen 27an.

Badalaben egiteko nagusia da euskara etorkizuneko agertoki eta interakzio sistema berrietan erabilia izan dadin, esperimentaziotik ekarpena egitea.

Ardatz horiek jarduera-ildotan garatzen dira eta egitasmo zehatzetan lurreratzen. Irailetik aurrera abiatuko direnak ezagutzera eman ditugu Errenteriako aurkezpenean, Goiatz Oiartzabal Badalabeko zuzendari nagusiaren eskutik. Bere hitzetan: “Berrikuntzak etorkizunera garamatza eta etorkizuna bete-betean biziko duten pertsonei galdetu behar zaie. Haien irudikapenetik abiatzen gara, etorkizun horretan euskarak eta hizkuntza gutxituek toki duina izan dezaten, komunitatea bere osotasunean garatzea ahalbidetuko duen balio-sistemari esker”

Irudikatutako etorkizun desiragarri horretan gaur eragiten hasteko, Badalabek espazioak, tresnak eta esperientziak diseinatuko eta eskainiko dituela adierazi du zuzendariak, bestela gertatuko ez liratekeen eta ausartak diren proiektuak gara daitezen, eta orain arte egindako bideari jarraiki, ez-ohikoak diren lankidetza harremanak eman daitezen.

Badalaben sorreran honako erakunde eta eragileek hartu dute parte: Gipuzkoako Foru Aldundia, Errenteriako Udala, Soziolinguistika Klusterra, Euskalgintzaren Kontseilua, Euskal Irrati Telebista, Euskal Herriko Unibertsitatea, Arantzazulab, Euskaltzaindia eta Langune. Partaidetza horretan datza aurkeztu berri den zentroaren eragiteko ahalmena. Baina bi erakunde izan dira ezinbestekoak laborategia sortu zedin: Gipuzkoako Foru Aldundia eta Errenteriako Udala. BI erakundeon ordezkari gorenek hartu dute hitza aurkezpenean.

Markel Olano diputatu nagusiak mundu osoan bizi ditugun “sakoneko eraldatzeak” izan ditu hizpide, digitalizazioa, aldaketa klimatikoa, gizarte aniztasunaren areagotzea, kasu. “Galdera ikur eta desafioen aurrean, hil ala bizikoa dugu esperimentaziorako baliabideak eta testuinguruak sortzea, desafio nagusietan eragin eta, elkarlanaren bitartez, gure lurraldea eraldatzeko. Hori da, hain justu, Etorkizuna Eraikizeko erreferentzia zentroen helburua”, nabarmendu du.

Olanoren ustez, paradigma berri horiek “modu nabarmenean” eragiten diete hizkuntza gutxituei eta euskara ez da salbuespena. “Garai berriek tresna, proiektu, baliabide berriak eskatzen dituzte eta ahalegin horretan akuilu izango da Badalab. Aniztasunetik abiatuz, elkarlan zabal bat aktibatuz, ikuspegi eraldatzaile bati helduz, euskararen etorkizuna indartzeko tresna berritzailea da”, laburbildu du.

Eta Aizpea Otaegi alkatearena beste hau. “Bizi dugun ziurgabetasunean, argi pixka bat jartzera datorrela Badalab, geure buruari egin beharreko galderak zein diren ere zalantzan jartzera datorrelako, geure buruari egin beharreko galderak ere zein izan daitezkeen pentsatzeko gonbidapenarekin datorrelako.

“Herri honek, bilaketa horretan lagun dezakeela zalantzarik ez dut. Eta herri honentzat, Badalaben bidez zabalduko diren prozesuak eta bideak ikasgai izango direla ere badakit. Horregatik, pozez eta ilusioz ematen diogu ongi etorria Badalabi. Pozez eta ilusioz heltzen diogu bertako kide izateari.

Horixe opa diogu Badalabi, eta Badalab osatzen dugun guztioi, hizkuntzaren esparruari dagokionez ere, zer nolako etorkizuna eraiki nahi dugun elkarrekin eraikitzeko gaitasuna eta horren bila joateko ilusioa eta erabakimena.”

Olatz Olaso Badalaben lehendakariorde eta erakunde sozialen ordezkariak 2018ko udazkenean proiektu honen sorrera momentura eraman gaitu berriro. Askoren artean irudikatutako ideia, ametsa ekintzara ekartzeko egindako bidea azaldu du.

Euskararen biziberritzeak eta euskalgintzak bere DNAn izan duela eta duela berrikuntza eta esperimentazioa azpimarratu du. “Izan ere, gizartean eraldaketa bat sortu nahi dugu eta horrek behartzen gaitu berritzera”.

Badalab inor ordezkatuko ez duen eta elkarlanean proiektu berritzaileak martxan dituen laborategi moduan irudikatzen dutela aipatu Olatzek, eta horrekin euskalgintza aberatsago izango dugula etorkizunean. Bide horretan, gobernantzan ere ikasketa prozesu bat egiteko bidea aipatu du.

Erakunde publikoez gain, gazteak, teknologoak, aniztasunaren militanteak eta laborategia aurrera eramateko ardura dutenak aritu dira aurkezpenean.

Badalab Madalen kaleko 27an kokatzen da, azken bi solairutan, bakoitza 180 m2 ingurukoa. Bertan kokatuko dira, batetik, Badaplaza, adimen kolektiboa sustatu eta komunitate ekintzak hartuko dituena, ekosistemako eragileen eta herritarren erabilerara, ere, irekia egongo dena. Bestetik, proiektu taldeen zerbitzura Badatokia eta esperimentazio eta prototipatze espazioak ere egongo dira erabilgarri. Bertan bizikide izango ditu laster batean Errenteriako beste elkarte batzuk, aniztasunaren baitan euskaratik eragiteko helburua partekatzen dutenak.