Madalen jaiak askatasunean bizitzeko deia egin eta neurriak hartu ditu Udalak

Argazkian: alkatea eta udalbatza osatzen duten alderdietako ordezkariak.

Emakumeek eta LGTBI pertsonek bazterkeria egoerak eta eraso sexistak jasaten dituzte bizitzako esparru guztietan, baita eremu publikoan eta jai-giroan ere.

Horretaz jakitun, Errenteriako Udalak eraso sexistarik eta eraso LGTBIfobikorik gabeko jaien aldeko lanketa abiatuko du Madalen jaietan. Ekimen honen bidez, herritar orok jaien testuingurua erabateko askatasunean bizi dezala ahalbidetu nahi du.

Horretarako, sentsibilizazio kanpaina berritu du eta bi zerbitzu jarriko ditu martxan, hurrenez hurren aurkeztuko direnak:

Ez bazaude eroso, erasoa da

Sentsibilizazio kanpainak gaiak espazio publikoan presentzia izatea eta herritarren artean kontzientzia piztea du xede. Baita erasoen aurrean esku-hartzeko pautak eskaintzea ere, lehen pertsonan erasotua izandako kasuetan, zein eraso baten lekuko izandakoetan.

Askotariko erasoak ikusaraztea da kanpainaren beste helburuetako bat, hain juxtu lelo nagusiak horri egiten dio erreferentzia: ez bazaude eroso, erasoa da. Era berean, erdigunean jartzen du inork ez duela eskubiderik pertsona bat nola sentitzen den zalantzan jartzeko; baita, eraso baten erantzulea erasotzailea denaren ideia ere.

Mugimendu feministako kideekin, jai batzordeko zenbait eragilerekin eta Ostari ostalarien elkarteko ordezkariekin burututako lan-saioetan diseinatu da kanpaina, modu kolaboratiboan.

24 orduko telefono zerbitzua

Uztailaren 21etik 31ra (biak barne), 24 orduko telefono zerbitzua aktibatuko da. Doakoa eta erabat konfidentziala izango da eta artatzea psikologo batek egingo du beti. Ondorengoa izango da telefono zenbakia: 650 407 858.

Zerbitzu honen helburu nagusiak informazioa eta orientazioa eskaintzea, laguntza psikologikoa ahalbidetzea eta erregistroa burutzea izango dira.

Azken helburu honen bidez Madalen jaietan jazotako eraso anitzen erregistroa egin nahi du Udalak, gertaerak bisibilizatu ahal izateko. Erasoak erregistratzeak ez du eskatuko salaketa ofizialik egin beharrik.

Larrialdien kasuan, SOS Deiaken 112 telefonora edo 092 udaltzaingoaren telefonora deitzea aholkatzen du Udalak.

Indarkeria sexistarik gabeko gunea

Aurten, lehen aldiz, orientaziorako eta informaziorako gune presentziala aktibatuko du Udalak. Irekita dagoen ordutegian laguntza eskaintzea eta euskarri informatiboak banatzea izango du xede.

Foru plazan kokatuko da eta bi profesional egongo dira bertan ondorengo ordutegian:

• Uztailaren 21, 22 eta 24ean: 18:00-02:00.

• Uztailaren 23an: 11:00-02:00

Erasoen aurrean erantzun publikoa Mugimendu Feministaren eskutik

Urtero bezala, Udalak bat egingo du herriko mugimendu feministak eraso baten aurrean erantzun publikoa artikulatzeko sortu duen protokoloarekin eta berau lideratzeko protagonismo osoa mugimenduari emango dio.

Gaueko autobus zerbitzu indartua

Bi linea berri aktibatuko dira gaueko autobus zerbitzua herriko auzo guztietara bideratzeko asmoz.

• G1 linea: Aralar plaza, Pontika, Beraun etorbidea, N. Almandoz, Koldo Mitxelena, Urbia plaza, Parke kalea, Urdaburu kalea, Murumendi kalea, Anbulatorioa, Alaberga 53, Alaberga 75, Versalles, Sorgintxulo 11, Portua, Nafarroa etorbidea 75.

Irteerak: 23:00 – 00:00 – 01:00 – 02:00 – 03:00 – 04:00 – 05:00.

• G2 linea: Nafarroa etorbidea 75, Gabierrota, Lartzabal 1, Arragua, Erramun Astibia, R.Maria de Azkue, Gaztelutxo, Agustinak 4, E. Salaberria 6, Markola 41, Markola 25, Markola 3, Agustinak 15, Hijas de la Cruz, Zentolen 1, Zentolen 2, Zamalbide tailerrak, Sagardiburu 1, Sagardiburu 2, Egiburuberri, Zamalbide bidegurutzea, Masti-Loidi, Arramendi, Pontika, Beraun etorbidea, N. Almandoz, Koldo Mitxelena, Urbia plaza, Aralar plaza.

Irteerak: 23:20 – 00:20 –01:20 – 01:20 – 02:20 – 03:20 – 04:20 – 05:20.

Ohiko geltokiez gain, erdi-bidean berariaz sortutako geltoki berriak izango dituzte bi lineek.

Udaltzainen salaketa bulego ibiltaria

Zubiaurre zubian kokatuko da Udaltzainen salaketa bulegoa, lehen aldiz, askotariko gertaeren aurrean herritarrek laguntza eskatzera edo salaketa jartzera joateko kokapen finko eta gertukoa izan dezaten.

Ondorengo ordutegia izango du eta bi udaltzain egongo dira bertan:

• Uztailaren 21etik 24ra (biak barne), 20:00-02:00.

Igogailuak 24 orduz martxan

Herriko igogailu guztiak martxan jarriko ditu Udalak gauez ere, herritarrei 24 ordutan mugikortasuna errazteko; bereziki, auzoen arteko bide irisgarri eta seguruak ahalbidetzeko.