Sormen eta kultur industrien poloa bere barruan hartuko duen Agustinetako eraikinaren lanak hasi dira

Agustinak | Artisautza | Biziberritze ekonomikoaren Bidean | Garapen ekonomikoa | Kultura 2022-07-27 | 0
Ezkerretik eskuinera: Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua; Aizpea Otaegi, Errenteriako alkatea, eta Eneko del Amo, Hirigintzako eta Garapen ekonomikoko zinegotzia.

Hasi dira sormen industrien poloa hartuko duen Agustinetako eraikina birmoldatzeko lanak. Hala jakinarazi dute gaur goizean, prentsaurrekoan, Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak eta Eneko del Amo, Hirigintzako eta Garapen ekonomikoko zinegotziak.

Aurrealdearen simulazioa

Zaharberritzen ari diren eraikina Agustinen ikastetxe zaharra da, eta proiektu honen garapena lotuta dago bai Errenteria 2025 Plan Estrategikoarekin baita Errenteriako 2019-2023 Agintaldirako Planarekin ere. Proiektu hau, kulturak Errenteriaren eraldaketan eta garapenean duen estrategikotasuna eta potentziala garatzen jarraitzera dator.

Lanek gehienez ere 16 hilabete irautea da aurreikuspena eta 2.032.800 euroko aurrekontua dute. BERPIZTU programaren baitan Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak 1.000.000 euroko ekarpena egingo du.

Orain arte Torrekuan garatu den Habian programari segida emanez baina, aldi berean, jauzi kualitatibo garrantzitsua emanez, lanbide sortzaileen eta kultur arloko enpresa-proiektuen inkubategi eta azeleragailu izan nahi du Agustinak proiektuak. Horretarako, kultur arloko enpresa-asmo eta proiektuei akonpainamendua, aholkularitza eta zerbitzuak emateko bokazioa du eta horientzako elkargune izan nahi du.

Gainera, Errenteriak tradizionalki artisautzarekin izan duen lotura ere Agustinak eraikinaren identitatean txertatuta egotea aurreikusten da baita, proiektuen arteko sinergiak eta elkarlanak sustatzeko gai izango diren elkarteak bertan kokatuta egotea ere.

Erakinak erreferentziazkoa izan nahi du kultur eta sormen industrien esparruan, hala nola, artisautzarenean eta udalerriz gaindiko bokazioa du.
Auzoari irekitako eraikina, iraunkorra eta malgua erabileretan

Agustinetako ikastetxe zaharra birmoldatzeko diseinua funtsezko lau premisatan oinarritu da:

1. Jatorrizko egitura mantentzea.

2. Proposatutako programa ahalik eta modurik malguenean gauzatzea, espazioen banaketa unean uneko beharren arabera egokitu ahal izateko eta eraikinak konfigurazio ugari onar ditzan, etorkizunean instalazioak aldatu beharrik gabe.

3. Eraikinaren izaera eraldatzea, eta eraikin publiko bihurtzea. Horrek esan nahi du eraikina kalera eta herritarrengana “irekiko” dela.

Eraikinaren atzeko partearen simulazioa

Zentzu horretan, garrantzi berezia du lorategiaren tratamenduak; orain arte gune itxi eta pribatu bat izan da, baina auzora irekiko da, aisialdi-gune gisa, eta eraikinean gertatzen denarekin lotutako gune gisa. Era berean, “plaza” bat ere egongo da; hots, eraikinaren erabiltzaileen eta bisitarien arteko bilgune eta topagune bat, non, gainera, ekitaldiak antolatu ahal izango diren, lorategira irekita.

4. Eraikina energetikoki eraginkorra izango da, kontsumo oso baxua izango du, estandar zorrotzak beteko ditu eta A motako sailkapen energetikoa izango du.

Proiektua definitzeko garaian, hainbat elkarrizketa eta bilera mantendu dira udalerriko zein udalerriz gaindiko eragileekin, proiektuaren norabidea beharretara ahalik eta ongien egokitu dadin.

Eraikinaren dagokionez, birmoldaketa egiteko lanak joan den astean hasi ziren, baina, eraikina gehiago hondatu ez zedin, iaz teilatuaren konponketa bukatu zuten.

Udalaren aurreikuspena da 2024 urtearen hasieran ekipamendu berria martxan egotea.

No comments yet.

Utzi erantzuna