Errenteriako Ereintza VIII Tenis Opena – Madalen Sariaren finalak

Ereintza Eskubaloi taldeak Errenteriako Ereintza VIII Tenis Opena-Madalen Saria antolatu du Errenteriako Udalaren eta ATG (Gipuzkoako tenis zaleak) elkartearekin lankidetzan maiatza, ekaina eta uztailean zehar Beraungo Erabilera Anitzetarako Kirol Pistan (Frontoi estalian).
Guztira Gipuzkoa osotik etorritako 33 tenislarik parte hartu dute eta hilabete hauetan Beraungo pista Gipuzkoako teniszaleen gune bilakatu da.

Txapelketa 4 jokalariz osatutako 7 taldetan eta 5eko batean antolatu zen. Lehenengo fasean multzo berdineko jokalariak beraien artean lehiatzen aritu ziren eta multzo bakoitzeko sailkapenak lortu ondoren bigarren fasean tenislariak zuzeneko kanporaketetan aritu ziren.
Lehenengo faseko irabazleak eta ondorioz txapelketako hoberenak ondorengo jokalari hauek izan ziren: Josu Calleja, Raul Ramos, Borja Fernandez, Asier Iparraguirre, Adur Lekuona, Enrique Monreal, Gabriel Zubillaga eta Inko Mujika.

Bertako tenislariei buruz esan beharra dago hoberena berriz ere Adur Lekuona izan dela eta bere multzoko partida guztiak irabaziz lehenengo postuan sailkatzea lortu zuela. Bere ibilbidea aurtengo txapelketan final-laurdenetan amaitu zen, Asier Iparraguirreren aurka jokatutako partida galdu ostean.

Bigarren sailkatuen arteko finala Gaizka Aduriz eta Jon Fernandezek jokatu zuten eta lehenak partida berdindu batean garaipena lortu zuen 6-4 6-3 emaitzarekin.

Hirugarren sailkatuen arteko finala Antton Basterrika beteranoa eta David Pérez errenteriarraren artekoa izan zen. Anttonek erakutsi zuen bere 62 urterekin sasoian dagoela eta partida hiru setetara luzatu izan arren garaipena lortu zuen 1-6 6-3 7-5, hirugarren setean 2-5 eta 4-5 15-40 emaitza irauliz sekulako partida batean. Zorionak.

Laugarren sailkatuen arteko finalean herriko Iñigo Pérez aritu zen lehian Felix Calvoren aurka eta bertan Iñigok argi utzi zuen bere jokoak azkeneko urteetan nabarmen gora egin duela eta garaipen argia lortu zuen 6-3 eta 6-1eko emaitzarekin.

Eta, azkenik, lehen mailako final handiari buruz hitz egin behar dugu. Bertan Inko Mujika eta Raúl Ramos aritu ziren herriko jaietan uztailaren 22an. 2 tenislariek txapelketako hoberenak izan direla argi utzi eta gutxi batzuren esku dagoen jokoa erakutsi zuten. Ez zen final handian topatzen ziren lehen aldia eta elkar ondo ezagutzen zuten. Aurreko edizioetan biek garaipena lortua zuten eta oraingoan Inko izan zen garaile lehenengo setean joko sendo batekin bere aurkaria 6-2 menperatuz eta, bigarrenean, Raulek emaitza berdindua eramatea lortu bazuen ere, 5-5 arte, Inkoren eraginkortasun handiagoak balantza bere alde desorekatu zuen 7-5eko emaitzarekin.

Antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiete antolaketa lanetan aritu diren guztiei, tenislariei eta orokorrean zale guztiei, datorren urtera arte agur esanaz.