Esleitu dute Pontikako pertsona jubilatuen elkarteko lanaren kontratua

Errenteriako Tokiko Gobernu Batzordeak gaur esleitu du Pontikako pertsona jubilatuen elkartearen egoitzan egin beharreko lanen kontratua. Delsa Irun SL enpresak jaso du lana gauzatzeko ardura eta lanak hasi eta 14 asteko epean bukatu beharko ditu.
Udalak eta enpresak 210.540 euroko kontratua sinatuko datozen egunetan eta lanak ondorengo asteetan hasiko dira.
Arramendipe Pertsona Jubilatuen elkartearen egoitza bere barruan hartzen duen Pontika 12ko beheko solairuko lokala hobetzeko jarduketa batzuk egitea da proiektu honen xedea eta, besteak beste, ekintza hauek sartzen dira:
• Hormak, zoruak, sabaiak eta leihoak egokitzea, baldintza akustikoak bete ditzaten dagoen araudiaren arabera.
• Espazioen antolaketa berria: Sukaldea birbanatzea, biltegiratzeko gune bat sortzea eta gainerako espazioa jardueraren eremu publikora bideratzea.
• Komunak irisgarritasun araudira egokitzea.
Era berean, kontratuak bere baitan hartzen du obra berrian sukaldean-eta instalaturiko ekipamenduari obra ondorengo hiru urteetan mantenu zerbitzua ere ematea.
Galtzaraborda ere epe laburrean
Pontikako erretiratuen elkarteko egoitzaren lanak iragarri zirenean Galtzarabordakoen berri ere eman zen. Bigarren proiektu honek bere bidea aurrera jarraitzen du, eta enpresek abuztuaren 23ra arteko epea izango dute euren eskaintzak aurkezteko.

Pontika eta Galtzarabordako kluben obrak ez zeuden Agintaldi Planaren barruan, baina, hala ere, lehentasunezkotzat jo dira, eta obrak egiteko beharra zegoela baloratu da. Hala ere, Covid-19ak eta bi obra horiek suposatzen zuten inbertsio handiak eragotzi egin dute orain arte egitea. Izan ere, Legegintzaldi honetan adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko hainbat proiektu gauzatzen ari baitira.