Datorren asteazkenean hasiko dituzte Beraunen zarataren kontrako pantailak jartzeko lanak

Datorren asteko asteazkenean hasiko dituzte Errenteriako udalerrian zarataren aurkako GI-20 errepidean hesiak jartzeko lanak. Horrela, ibilgailuen zirkulazioak eragindako zarata-kutsadura gutxituko da, eta isolamendu akustiko handiagoa lortuko da Beraun eta Pontika auzoetan.

Ekintza hau Gipuzkoako Foru Aldundia hainbat udalerritan egiten ari den Zarataren aurkako 2025 urte bitarteko ekintza planaren barruan kokatzen da. Errenteriaren kasuan, bi jarduketa egingo dira. Lehenengoa, esan bezala, datorren astean hasiko da, eta pantaila akustikoak jarriko dira GI-20 errepidean, Beraun eta Pontika auzoen parean. Lan horiek 1,8 milioi euroko aurrekontua izango dute, eta, kalkuluen arabera, 2.985 pertsonari eragingo die zarataren gutxitzeak. Udalerriarekin lotuta dagoen bigarren jarduketa 2023an egingo da Errenteria eta Oiartzun artean, AP-8 eta GI-20 errepideen arteko bidegurutzean, Markola, Agustinak eta Lartzabal auzoak babesteko. Kasu honetan, aurrekontua 425.000 eurokoa da.

Obrak hasi aurreko faseetan zehar, Udalak proiektuaren jarraipena egin du Aldundiarekin harremanetan jarrita, eta lanak amaitu arte jarraituko du.

Obrak egin bitartean aparkalekuak kentzea

Obrako etxolak jarri eta materiala pilatzeko, 18 aparkaleku-plaza kendu beharko dira San Marko kalea 10-12 atzekaldean, Mikel Odriozola estadioaren parean. Aparkaleku-eremua irailaren 7an 8:00etatik aurrera okupatuko da; beraz, ezin izango da aparkatu seinaleztatutako aparkalekuetan.