Oraindik ere plaza libreak dira Errenteriako Udalak EHU-rekin batera antolaturiko ‘Udalok zeinekin partekatu behar dugu boterea? Ausazko metodologiak aztergai’ udako ikastaroan

• Izena emateak zabali jarraitzen du Udalok zeinekin partekatu behar dugu boterea? Ausazko metodologiak aztergai ikastarorako; Lekuona Fabrikan izango den ikastaroa datorren astelehenean, irailaren 12an gauzatuko da.
• Tokiko administrazioan, gobernantza ereduetan eta gizarte mugimenduetan interesa duten pertsonei zuzenduta dago.

Programa

Errenteriako Udalak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Uda Ikastaroek, elkarlanean, antolaturiko Udalok zeinekin partekatu behar dugu boterea? Ausazko metodologiak aztergai izeneko ikastaroa hartuko du Errenteriako Lekuona Fabrikak irailaren 12an. Udalgintza komunitarioaren inguruan iaz hasitako hausnarketari jarraipena eman nahi diote ekimenaren arduradunek. Izan ere, herritarren eta erakundeen arteko harremanak gauzatzeko bide eraginkor berriak bilatzen jarraitzen baitute.
Ikastaroa tokiko administrazioan, gobernantza ereduetan eta gizarte mugimenduetan interesa duten pertsonei zuzenduta dago oro-har, eta bereziki udalgintza alorreko profesionalei, kargu publikoei eta gai hauekin zerikusia duten diziplinetako ikasleei.
Gizarte egoerara egokitzeko tresnen bila
Azkeneko urteetako pandemia egoerak politika publikoak egiteko testuingurua aldatu du eta esplizituago egin ditu, tartean, digitalizazioa, osasun eta zaintza-sistemen hauskortasuna eta aldaketa klimatikoa. Era berean, erakundeen eta herritarren arteko harremana berriro zehazteko beharra jarri da mahai gainean, eta udalak erronka horri aurre egiteko lehen lerroan daude.
Azken urteetan Errenteriako Udalak eta beste hainbat tokiko entitatek gobernantza publiko-komunitarioa deitu izan den gobernantza-eredua garatu dute. Udalgintza edo munizipalismo publiko-komunitarioaren oinarrietan garatutako tokiko politikek hainbat ezaugarri dituzte, bai prozesu-ikuspegitik, baita emaitzaren aldetik ere. Egiteko modu honetan sakontzeko ezinbestean tresna berriak eta berrituak erabili behar dira. Horregatik Errenteriako Udalak aurtengo ikastarorako botere banaketarako erremintatako bat diren ausazko metodologiak aztertu nahi ditu.
2022ko Ikastaroetan Udalok norekin eta nola partekatu behar dugu boterea? Ausazko metodologiak aztergai galderaren inguruan jardutea proposatzen dugu. Ikastaro honetan, aurreko urtean abiatutako gogoetari jarraipena ematea proposatzen dute, udalok boterea partekatzeko duten beharraren eta moduen inguruan askotariko begirada jarrita. Hain zuzen ere, udal administrazioaren eta gizarte mugimenduen arteko harremanak hainbatetan gatazkan oinarritu izan dira. Baina, begibistakoa da elkar-harreman hori beharrezkoa izateaz gain, ezinbestekoa ere badela.
Uda Ikastaro honetan, beraz, udalok gizarte mugimenduekin izan beharreko harremanaren inguruan eta boterea partekatzeko moduen inguruan hausnartuko dute parte-hartzaileek, gobernantza publiko-komunitarioa deitu izan diogun horren aukera eta mugak aztertuz; eta, era berezian, begiratua jarriko dugu ausazko metodologiek duten balioan herritarren parte-hartzea sustatzeko garian.
Horretarako, egun osoko programa prestatu dute ikastaroaren arduradunek. Errenterian bertan ausazko metodologiak erabilita aurrera eramandako esperientzia batetik abiatuta, tresna hauen ezaugarriak eta erabilgarritasunak aztertuko dituzte Aztikerreko kideek.
Lehen ponentzia politologoa eta Deliberativa-ko kide den Arantxa Mendiharatek eskainiko du, zeinak prozesu deliberatiboen eta zozketaren arteko loturak analizatuko dituen. Horren ondoren, Jaume Lopez Bartzelonako Pompeu i Fabra unibertsitateko irakasleak zozketa bidezko partaidetza prozesuen eta herri mugimenduen arteko elkarguneen inguruan hitz egingo du. Azkenik, Zelai Nikolas legelari eta, beste batzuen artean, Eusko Ikaskuntzako kideak argi kritiko pean jarriko ditu metodologia hauek.
Arratsaldean, berriz, hiru hizlari horien arteko mahai ingurua gauzatuko da, gizarte berrikuntza laborategia den Arantzazulab-eko kideek sintesi lana egin baino lehen.

Pentsamendurako abagunearen zabaltzea EHUrekin elkarlanean
Bigarren aldia da Errenteriako Udalak EHUren Uda Ikastaroetan parte hartuko duena. Izan ere, aurtengo ikastaroak iaz hasitako ibilbideari jarraipena emango baitio, gai beraren inguruko kezkari, hau da, herritarren eta erakundeen arteko harremanari beste toki batetik helduta.
Ikastaroak pentsamenduari tokia eskainiko dio Errenterian, eguneroko praktikaren zurrunbiloari pausatzeko abagunea eskainiz. Hain zuzen ere, Errenteriak lankidetzarako eta herriaren garapenerako hainbat espazio eta proiektu martxan dituen une honetan, gogoetarako espazio honek prozesu horiek elikatzeko aukera emango baitu.
Errenterian erroldatutakoentzat, doakoa
Programa osoa ikusi ahal izango da webgunean. Eta bertan egin ahal izango da matrikulazioaren tramitea. Irekita dago dagoeneko: https://www.uik.eus/eu/jarduera/udalok-norekin-nola-partekatu-behar-dugu-boterea-ausazko-metodologiak-aztergai

Matrikula prezioa EHUren gainontzeko ikastaroetako bera izango da Errenteriarrak ez diren pertsonentzat. Aldiz, Errenterian erroldatutako herritarrentzat doakoa izango da izen-ematea.
• Errenterian erroldatutakoak: 0€
• Matrikula orokorra: 45€
• Matrikula murriztu orokorra: 38€
• Matrikula exentzioa: 32€
• ELKAR txarteldunak: 38€
• Euskaltegi eta autoikaskuntza zentro homologatuetako kideak: 38€
Ikastaroan presentzialki edo online formatuan parte hartzeko aukera egongo da.

EHUren Uda Ikastaroen erronketan, gobernantza
Bestalde, Euskal Herriko Unibertsitateko Uda Ikastaroetako arduradunek ere uste dute garaia dela egungo kudeaketa-ereduak birpentsatzeko zein birdefinitzeko, eta erakunde eraginkor eta demokratikoagoak eraikitzeko. Gobernuaren eta gizartearen artean oreka osasungarria ezarri beharra dago, hiritarrei aukerak sortu eta arazoak konpontzeko.
Hori dela eta , hainbat gairen inguru eztabaida sortu nahi dute, esaterako, gizarte eraldaketarako dauden mugen eta erronken gainean; administrazioa herritarrei gerturatzeko moduei buruz, edo pertsonen benetako parte-hartzea ahalbidetuko duen garapen komunitarioa lortzeko gakoez.
Hain zuzen ere, Errenterian garatuko den ikastaroak bete-betean jorratuko ditu azkeneko bi gaiak, eraldaketaren bidean hausnarketa egitea ezinbestekoa delako.
Ikastaroen egoitza nagusia Donostiako Miramar Jauregia bada ere, ikastaro ibiltariak dira, eta Ibiltaria programaren helburuetako bat ikastaroak euskal geografia osora
zabaltzea da, eztabaidak sortzen diren lekuetan aztertzeko gai bakoitza.