Azoka ekologikoan hainbat produktu ezagutu eta erosteko aukera izango da larunbatean

Irailaren 10ean, larunbata, Errenteriako Nekazaritza Ekologikoaren Azoka ospatuko da Gamon Zumardian. Errenteriako Udalak eta Biolur Elkarteak Euskadiko Nekazaritza eta elikadura ekologikoaren kontseiluaren lankidetzarekin antolatutako azoka honetan, Euskal Herriko baserrietako elikagai ekologiko desberdin asko ezagutzeko eta erosteko aukera izango da goizeko 10:00etatik 14:00ak arte. Gainera, eguerdi aldean Eli Pagolak eta Alaia Martinek azoka alaituko dute Bertso Katarekin.

Hamabost bat parte-hartzaile izango dira azokan, gehienak, Gipuzkoako ekoizleak. Baina Bizkaia, Araba edo Nafarroatik etorriko direnak ere izango dira bertan, azokan otarra osatzeko bertako eta gertuko produktu ekologikoak eskuragarri izanik, besteak beste: barazkiak, ardi-ahuntz eta behi-gazta, eztia, ogia, marmeladak, olioa, eta beste hainbat elikagai. Gainera, nekazaritza eta elikadura ekologikoari buruzko informazio-panelak eta Biolurren informazio-puntua ere izango dira bertan bisitarientzako.

Azokan egongo diren produktu guztiek bi ezaugarri berezi dauzkate: era ekologikoan ekoiztutakoak eta modu artisauan landutakoak direla. Honek zer esan nahi du? Modu laburrean azalduta, natura, animalia eta gizakien osasun eta etorkizuna errespetatzen eta kaltetu gabe ekoiztuta izan direla. Alegia, bere ekoizpen prozesuan ez da produktu kimiko edo toxikorik erabiltzen, eta eraldaketa transgenikorik gabe sortutako ekoizpenak dira.

Horretaz gain, Udalak jakinarazten du ekoizpen ekologikoaren eredua garrantzitsua dela lurralde antolaketan eta klima-aldaketaren aurkako borrokan. Izan ere lurra zainduz ekoiztean eta hurbilekoa kontsumitzean hondakinak eta kutsadura murrizteaz gain, berotegi efektua eragiten duten gasen isurpena ere gutxitzen da.

Udako azoka ekologikoak

Urtez urte, Euskadiko nekazaritza ekologikoak goranzko joerari eusten dio. Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren (Ekolurra) datuen arabera, 2021ean laborantza ekologikorako azalera % 16 handitu da 2020aren aldean, 6.789 hektareatik 7.905era igaroz. Eta eragile kopurua % 8 hazi da: 2020an 658 eragile ekologikotik 710 izatera igaro dira.

Aurtengo Gipuzkoako azoka ekologikoen kanpaina Zarautzen hasi eta Villabonan bukatuko da. Ekimena nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoaren sustapenerako erakusleiho da, eredu ekologikoak eta azokek duten balioa bistaratzea dutelako. Gaur egun, eredu ekologikoan urrats sendoak ematea ezinbestekoa da, ekoizpenetik kontsumorainoko bidean, sektorearen iraunkortasuna, ingurumena eta pertsonen osasuna zaindu nahi badira.

Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura ekologikoaren Kontseiluak adierazi duenez, garrantzitsua da tokiko elikagai ekologikoekin egunerokotasunean elikatu gaitezkeela erakustea. Horregatik, herri desberdinetan antolatzen diren topagune ekologiko hauek bultzatzea ezinbestekoa da elikagai ekologikoen aniztasunaren eta kalitatearen erakusleiho baitira. Udako azoka ekologikoetan elikagai ekologikoen salmenta bultzatze aldera Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak, 5 €-ko bonoak eskuratzeko aukera ipini du https://ekolurra.eus/udako-azoka-ekologikoak-2022 webgunean.