Estreinakoz elkarrekin kolaboratuko duten musika taldeen izenak eta programazio osoa aurkeztu ditu Atlantikaldiak

● ‘Itsas Elkarrizketak’ ekimenaren bidez nazioarteko eta bertako sortzaileak elkarlanean
jarri ditu jaialdiak beste behin. Gaur iragarri dituzte aurtengo kolaborazioak:
Tanxugueiras eta Neomak; Kolinga, Iker Lauroba eta Leire Letu; Las Karamba eta
Amaia Elizaran; Les Amazones D’Afrique eta Tony Viser; eta España Circo Este eta
Moonshine Wagon artistak estreinakoz elkartuko dira euren ibilbideetan
Atlantikaldiako oholtzetan.

● Irailaren 15etik 18ra ospatuko da Atlantikaldia Errenterian eta dagoeneko ikusgai dago
egitarau osoa atlantikaldia.errenteria.eus webgunean, musika, sorkuntza tailerrak eta
arte diziplina anitzak uztartzen dituen ekimen ugarirekin osatuta.

2014tik etenik gabe antolatu du Errenteriako Udalak Atlantikaldia kultur topagune eta musika
jaialdia. Azken bi urteetako edizio egokituen ondoren, irailaren 15etik 18ra ospatuko den 9.
edizioak berriro ere kaleak eta ohiko itxura berreskuratuko ditu. Hala azaldu dute eta egitarau
osoaren aurkezpena egin dute gaur goizean, Donostiako Aquariumean, Aizpea Otaegi
Errenteriako alkateak, Maite Gartzia Errenteriako Kultura zinegotziak, Maria Jose Telleria
Gipuzkoako Aldundiko Kultura zuzendari nagusiak, Iker Tolosa Atlantikaldiaren zuzendariak
eta Goiatz Dutto Moonshine Wagon taldeko kideak.

‘Itsas kodeak’ lelopean egituratu dute aurtengo jaialdia: “Atlantikaldiak nortasuna badu, urte
hauetan guztiotan arte diziplina ezberdinen bidez eraiki ditugun lengoaia komunei esker lortu
du. Eta horixe dira itsas kodeak, herrien arteko ulermenerako erabili izan diren lengoaia
unibertsalak. Kontzeptu hau gurera ekarri dugu kulturen arteko elkarbizitza ahalbidetu eta
sustatzeko egiten dugun apustuaren adierazgarri” azaldu du Errenteriako alkateak.

Jaialdiak nortasun propio izango duten 4 gune nagusi izango dituela aipatu du Gartziak
ondoren. Lehendakari Agirre plazako ‘Itsasargi Nagusian’ egongo da oholtza nagusia; Panier

orubean kokatutako den ‘Kalekaia’n punta puntako artista urbanoak arituko dira; ‘Herriko
Plaza’ eskaintza intimoago baterako eremua izango da eta Foru plazako ‘Herrixkan’, berriz,
herritarren parte hartzea sustatuko duten sorkuntza tailerrak, gastronomia ekimenak eta
musika emanaldi gehiago topatu ahal izango dira.

Sorkuntzaren aldeko apustua

Tolosak, bere aldetik, jaialdian sorkuntzak duen garrantzia azpimarratu nahi izan du: “ ‘Itsas
elkarrizketen’ bidez jatorri anitzetako sortzaileak harremanetan jartzen ditugu, nazioartekoak
eta bertakoak, eta inoiz taularatu gabeko proposamenak eskaintzen ditugu”. Hala, Baionako
Kolinga taldeak Iker Lauroba eta Leire Letu izango ditu aldamenean; Las Karamba taldearen
erritmo latinoek Amaia Elizaran dantzariaren gorputza gidatuko dute; Tanxugueiras galiziarrek
Neomak taldeko 7 emakumeekin ahotsa emango diote euren herrietako tradizioari; Les
Amazones D’Afrique musikari afrikar aktibistak Tony Viser dantzariarekin arituko dira oholtza
gainean, eta España Circo Este talde italiarrari Moonshine Wagon laukote euskalduna
gehituko zaio. Azken talde honetako kide da Goiatz Dutto eta bere esperientzia nolakoa izan
den kontatu du.

Egiteko modu hau jaialdiaren bereizgarri nagusienetakoa bilakatu dela ere azaldu du Tolosak
eta musika alorra gaindituta beste diziplina batzuetan ere izango dela ‘elkarrizketa’ hauetaz
gozatzeko aukera: ‘Nongoa Zara’ bertso saio musikatua ikusteko aukera izango da batetik,
jatorri aniztasuna abiapuntutzat hartuta, Errenteriako ikastetxe guztietako haurrekin
prestatutako emanaldia. Ikuskizunean parte hartuko duten bertsolariak Andoni Egaña, Alaia
Martin, Aitor Sarriegi eta Maddi Ane Txoperena izango dira, musika Gari Otamendiren eskutik
etorriko da, eta Unai Gaztelumendi zuzenean marrazten arituko da.

Bestetik, ‘Kataluniar Konexioa: Rumba eta beste!’ ikuskizuna aurkeztuko dute. Errenteriako
Herri Arte eskolak El Prat de Llobregateko Escola d’Arts en Viurekin egindako hilabeteko
elkartrukearen ostean sortutako musika eta dantza ikuskizuna da, Katalunia eta Euskal
Herriko doinuak taularatuko dituena.

Halaber, Errenteriako hainbat jatorrietako pertsonek Sergio Cuartero sukaldariarekin
egindako sorkuntza lan-prozesu baten emaitza diren pintxoak dastatu ahal izango dira jaialdi
osoan zehar Herrixkan izango den foodtruckean.

Baina hau ez da dena. Tolosak gaineratu du, aipatutakoaz gain, ekintza askoz gehiagok ere
osatuko dutela aurtengo edizioaren egitaraua eta guztien ordutegiak eta xehetasunak
dagoeneko atlantikaldia.errenteria.eus webgunean kontsulta daitezkeela.

Bestalde, gogorarazi du badirela aldez aurretiko izen-ematea eskatzen duten ekintzak eta
horretarako, webgunera jo beharko dutela interesdunek.

Amaitzeko, Otaegik bereziki eskerrak eman nahi izan dizkie jaialdia antolatzeko elkarlanean
ezinbesteko zutabe diren eragile eta kolaboratzaile guztiei. Gipuzkoako Foru Aldundia eta
18/70 garagardoa ere aipatu nahi izan ditu Atlantikaldiari eskainitako babesagatik.