Arte biziak indartsu datoz udazkenean

Arte bizien programazioa indartsu dator udazkenean Lekuona Fabrika eta Niessen Kulturgunera. Musika, antzerkia, dantza eta zirkuaren lengoaiak oinarri hartuta kalitatezko programazio anitza izango dela azaldu dute, gaur, Maite Gartzia Kultura zinegotziak eta Iker Tolosa Kultura teknikariak prentsa aurrean.

Kukai Dantzaren ikuskizun berria, ‘Yarin’, izango da Lekuona Fabrikara iristen lehena. Euskal kulturak eta flamenkoak dituzten elementu komunetan sakonduz Jon Mayak eta Andres Marinek sortutako obraren entsegu irekia igandean izango da, hilak 25 eta 19:00etan hasiko da.

Dantzarekin jarraituz, urriaren 8an, Lasala konpainiak ‘Dead’ ikuskizuna emango du. Emakume bakar bat izan daitezkeen lau emakumeren bizitza kontatzen du eta norberak aukeratzen duen bizitza bizitzeaz hitz egiten du. Lekuona Fabrikan izango da, 20:00etan.

Hurrengo hitzordua urriaren 16an izango da: ‘La panadera’. Antzezlan honetan Sandra Ferrus aktoreak Concharen papera jokatu du, goiza batean sare sozialetan bere bideo intimo bat hedatzen ari dela jakingo duen emakumearena. Saioa 19:00etan hasiko da Niessen Kulturgunean.

Teatro Paraisok publiko familiarrarentzako ‘Leihoak’ ikuskizuna eskainiko du urriaren 21an. Bertan, etxeko txikienek bidaia berezia egingo dute hotz, elur eta euri artean gertatzen den istorioan zehar. Emanaldia 18:00etan hasiko da Niessen Kulturgunean.

Egun berean, 20:00etan, reggaea eta duba trip hoparen eraginekin nahastuko dira Lekuona Fabrikako oholtza gainean Iseo & Dodosund bikote nafarrak eskainiko duen kontzertuan.

Azaroko lehen proposamena Kamikaz kolektiboa eta Ttak Teatroaren eskutik etorriko da. ‘Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi’ antzezlanean kanpai hotsekin batera, merienda mahai baten inguruan elkartzen diren hiru emakume izango dira protagonista Niessenen Kulturguneko taula gainean.

Publikoa artisten artean kokatuko duen proposamen berritzaile batekin bueltatuko da dantza azaroaren 11n. Soka-dantzaren sinbologian sakontzeko helburuarekin sortutako ‘Eta orain zer?’ ikuskizuna eskainiko du Kukai Dantzak Lekuonan, 20:00etan.

Campi qui pugui konpainiak egunero eskolara iristeko oztopo eta ezbeharrei aurre egin behar dieten hiru ahizpen istorioa ekarriko du ‘Eskolara bidean’ antzezlanarekin azaroaren 18an. Publiko familiarrari zuzenduta, 18:00etan emango zaio hasiera Niessen Kulturgunean.

Egun berean eta Kataluniatik zuzenean, Lágrimas de Sangre taldeak rap, hip-hop, rock eta reggae doinuak ekarriko ditu Lekuona Fabrikara, 20:00etan.

Horman Poster Kolektiboak, berriz, ‘Souvenir’ bere azken lana oholtzaratuko du, azaroaren 26an, Niessenen 20:00etan. Lan hau Udalak abian duen Legamia arte bizien sorkuntza eta mediaziorako egonaldi programan hautatutako ikuskizunetako bat da.

Abenduaren 1ean Christine Hassid koreografoaren egonaldi irteerako emanaldia izango da Niessen Kulturgunean, 18:00etan. Munduaren merkantilizazioa kartoizko ontzien bidez lantzen duen ‘Koli’ izeneko lanaren erakustaldia egingo dute Dantzaz konpainiako dantzariekin batera Atalak programaren baitan. Dantzagunearekin elkarlanean programatutako saioa da.

Benetan Be konpainiak udaberrietan gertatzen den migrazioaren inguruko antzezlana eskainiko dio publiko familiarrari. ‘Batetik bestera’ izenburupean, abenduaren 16an izango da, 18:00etan, Niessen Kulturgunean.

Gipuzkoan Gazte Tour ekimenaren baitan, Huntza taldea eta herriko artista bat izango dira Lekuona Fabrikan abenduaren 17an. Eta musikarekin jarraituz, hilaren 23an Doctor Deseok bere onena emango du toki berean.

Urtea amaitzeko, abenduaren 30ean bi hitzordu: publiko familiarrari zuzenduta Berdinki Zirkusen Mikra, Lekuona Fabrikan 12:30ean eta arratsaldean, 20:00etan, Yllana konpainiaren ‘Pagagnini’ Niessen Kulturgunean. Ara Malikianekin batera ekoiztutako ikuskizun honek maila berean bilduko ditu umorea, eromena eta musika.

Ohikoa denez, eta Atarian ekimenari esker, ‘La panadera’, ‘Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi’ eta ‘Souvenir’ ikuskizunen ostean, publikoak artistekin solasaldi bat izateko aukera izango du.

Ikuskizunetarako sarrerak eskuragarri daude dagoeneko sarrerak.errenteria.eus webgunean eta Lekuona Fabrikan. Gainera, ikuskizunaren egun eta aretoan bertan, ordubete lehenago leihatila irekiko dute sarrerak eskuratzeko, beti ere lehenago agortu ez badira.

Helduentzako ikuskizunen sarrera 9 edo 10 euroan eros daitezke eta familiei zuzendutako ikuskizunenak 3,5 euroan emanaldi berezietan izan ezik; izan ere, badira aipatu prezioak baino merkeagoak diren emanaldiak. Gainera, Kultura txartelaren titularrek %20ko deskontua dute.

Ikuskizun guztien inguruko informazioa kultura.errenteria.eus webgunean topa dezakete intresdunek.

Dantza Hirian

Aretoetan programatu dituzten ikuskizunez gain datorren larunbatean, hilak 24, 19:00etan, Herriko plaza Dantza Hirianek hartuko du. Bi pieza dira eskainiko direnak: Juan Carlos Avecillaren ‘Du@l’ eta Daniel Andreuren ‘Indico’.