Errenteriako Udalak, Oarsoaldea Garapen Agentziarekin lankidetzan, martxan ditu 166 lan-kontratu sustatzeko programak

Udal komunikabidea 2022-09-21 | 0
Ezkerretik eskuinera: Patxi Arrazola, Oarsoaldea Garapen Agentziako Enplegu Sailaren arduraduna; Aizpea Otaegi, Errenteriako alkatea, eta Alazne Korta, Giza Baliabideetako zinegotzia
  • Eskaintzak Lanbideren bidez kudeatzen direnez, Udalak enplegu-eskatzaile gisa alta emateko gonbita egiten die interesdunei
  • ┬áHalaber, aipamen berezia egin diete kontratazio beharrak dituzten enpresei, enpresa pribatuetan langileak kontratatzeko dirulaguntzak eskuragai daude eta

Errenteriako Udalak Oarsoaldea Garapen Agentziarekin batera lanean jarraitzen du enplegu plan eta lan lerro ezberdinak martxan jarriz Errenteria eta bailarako kontratazioak bultzatzeko.

Bultzada hau emateko hainbat deialdi eta dirulaguntza ari dira garatzen aurten ere: enplegua sustatzeko toki ekintzetarako dirulaguntzak, gazteak kontratatzeko dirulaguntzak, administrazio publikoetan lehen esperientzia izateko programa eta, Berpiztu programaren baitan, kontratazio publiko zein pribatua eta Auzolan programa.

Langabetu-kopurua jaistea baino harago, aipatu planek hiru helburu zehatz dituzte: Errenterian bertan zein eskualdean enplegua sustatzea; langabetuei lan-merkatura sartzen laguntzea; eta, azkenik, lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonen enplegagarritasuna handitzea.

Plan orokorra edo Enplegua Sustatzeko Tokiko Ekintzen deialdia

Plan honen baitan Errenteriako Udalak 26 lanpostu bultzatu ditu. Aukeraketa prozesuak martxan daude jada eta lan eskaintzak irailaren 27 arte egongo dira argitaratuak https://lanbide.eus web orrian.

Deialdi honen baitan hauek dira bilatu diren profilak: 9 administrari laguntzaile, digitalizatzailea, 3 peoi elektrikari, 2 brigadako peoi, ofizial lorazaina, ofizial arotza, peoi arotza, ofizial igeltseroa, peoi igeltseroa, ofizial iturgina, ofizial errementaria, peoi errementaria, 2 ofizial margolari.

Gazteak kontratatzeko EGF PLUS laguntza eta Lehen Esperientzia programa

Gazteak dituzten merkaturatze zailtasunak ezaugarri bereziak ditu eta, ondorioz, ekimen propio eta ezberdindua behar du hauek laneratzeko estrategia egoki batek.

Modu berezituan martxan jarri diren lerro hauek 30 urte azpiko gazteei daude zuzenduta.

EGF PLUS ekimenak aipatu adin-tarteko langabeak laneratzea du helburu eta horren baitan 4 lanpostu jarriko dira martxan: 2 administrari, dinamizatzaile bat eta zuzenbidean graduatutako gazte bat osatuko dute.

Bestalde, Administrazio Publikoetan Lehen Esperientzia programa, Europar Batasunaren Next Generation funtsak finantzatutakoa, 30 urtetik beherako gazte kualifikatuei zuzenduta dago.

Programa horren baitan 9 lanpostu bultzatuko dira: ingeniari/arkitekto teknikoa, arkitektoa, erdi mailako teknikaria, kultur teknikaria, komunikazio teknikaria, zuzenbidean graduatua, berdintasun teknikaria, informatikaria eta administraria.

13 izango dira, beraz, gazteei zuzendutako lan-kontratuak.

Berpiztu programak

Plan hauek gizarte-egoera ahuleko eskualde eta lehentasunezko jarduerei eskaintzen zaizkien programak dira.

Bere kontratazio publiko lerroaren barruan 10 pertsona daude edo egon dira aurten Errenteriako Udalean lanean: 3 atezain, administrari bat, 2 elektrikari laguntzaile, 2 margolari ofizial, igeltsero peoia eta igeltsero ofiziala.

Programa berdinaren barruan, baina kontratazio pribatua bultzatzeko asmoz, eskualdean 96 kontratazio sustatzeko dirulaguntzak jarri dira martxan. Horien bidez, Oarsoaldeko enpresek 6 hilabeteko jardunaldi osoa kontratatzeko 6000 euroko ekarpena jasotzen dute. Dagoeneko 64 kontratazio egin dira, eta oraindik beste 32 sustatzeko dirulaguntza eskatzeko aukera dute enpresek.

Berpizturen azken lerroa Auzolan Programa da eta horren helburua da DSBE (Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta) jasotzen duten pertsona langabeak kontratatzea. Lerro horren baitan 21 pertsona trebatu eta kontratatu ditu Oarsoaldea Garapen Agentziak eskualdeko lau udalen izenean.

Lanbiden izena emateko deia

Programak pixkanaka garatzen joango dira eta gehienak Lanbideren bidez egingo dira. Beraz, Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa alta emateko deia luzatu die Udalak prozesuetan parte hartzeko interesa dutenei.

No comments yet.

Utzi erantzuna