Albina Alonso Martinezek 100 urte beteko ditu bihar

Albina Alonso Martinezek 100 urte beteko ditu bihar.

Albina 1922an jaio zen Burgosko Los Valcárceres izeneko herri batean, San Miguel auzoan.

Euskal Herrira gaztetan etorri zen, eta bertan Longinos Perezekin ezkondu eta bost seme-alaba izan zituzten. Hasiera batean Pasaian bizi izan ziren, baina urteak daramatza Errenterian bizitzen, Beraun auzoan, bere alaba Anarekin.

Haren familiak dioenez, “Albina beti izan da pertsona lasaia, eta 100 urterekin ere halakoa izaten jarraitzen du (berak dio ez dituela hainbeste, denbora oso azkar pasatzen dela)”.

Familiak gaineratu du: “bizitzak pare bat ezbehar eman zizkion Albinari senarra eta seme zaharrena galdu zituenean. Familia osoak bihotzean daramatza”.

Bere pozik egoteko arrazoi nagusia seme-alabak, bilobak eta Ibon, Danel, Jon eta Luka birbilobak dira, maiz joaten zaizkionak bisitan.

Gainera, arratsaldero kafesne bat eta croissant bat askaltzera irtetea gustatzen zaio.