Khegal enpresa bisitatu dute Garapen Mahaiko kideek

Herriko ehun sozio-ekonomikoa ezagutzeko eta babesteko ekimenen esparruan, Errenteriako Udalaren, Oarsoaldea Garapen Agentziaren eta herriko beste eragile ekonomiko batzuen ordezkariek, tartean Don Bosko lanbide heziketako zentrorenak, Khegal Aeronautica SL enpresa bisitatu zuten atzo. Aizpea Otaegi Mitxelena alkatea zen Ekonomia Garapenerako Mahairen ordezkaritza honen buru.
Horrela, enpresa eta bere negozio eredua ezagutzeko aukera izan zuten Oscar Jauregui eta Juanmiguel Juanikotena arduradunen eskutik. Khegal prezisio handiko mekanizatuak egiten dituen enpresa da. Euren burua 5 ardatzetako tekniketan espezialistatzat jotzen dute eta 4.0 industria tekniketan aitzindari dira.
Besteak beste, aeronautika, nautika eta petrolioaren alorretan dihardu Egiburuberri poligonoan egoitza duen enpresak. Baina beti ere, teknologia altuko bezeroekin eta bazkideekin lan egitea bilatzen dutela diote bere arduradunek. Esan bezala, sektore anitzetan lan eginda nazioarteko merkatuetan jarria dute begia eta esperientzia.
Egun 19 langile dituen enpresa 2004-2005 epean sortu zuten Oiartzunen, eta 2013. urtetik Egiburuberri poligonoan dauka egoitza. Orain arte goruntzako bidea izan dutela adierazi dute, eta hazkunde bide horretan jarraitzea espero dutela gaineratu zuten Jaureguik eta Juanikotenak.