Jatorrizko esentzia, giroa eta ilusioa nagusi Atlantikaldiaren IX. edizioan

  • Kaleak berriro ere hartu dituen edizioa bezala gogoratuko da ospatu berri den hau.

Atlantikaldia amaitu eta egun gutxira, Udalak jaialdiaren balorazioaren zertzelada batzuk eman nahi izan ditu eta oso pozik agertu da lau egun horiek eman dutenarekin: “Azken bi urteetako edizio egokituen ondoren, Atlantikaldia itzuli da; kalera atera da. Bere jatorrizko esentzia, giroa eta ilusioa berreskuratu ditu eta publikoaren erantzuna ezin hobea izan da”.

Kalitatezko programazio anitza eskaini du jaialdiak bere bederatzigarren edizioan ere eta, Udalaren ustez, hori da Atlantikaldiaren arrakastaren giltzarrietako bat: “Itsas Elkarrizketak eta sorkuntza propioa ardatz dituen egitarau anbiziotsuak publikoa erakarri du eta hala erakutsi dute herriko kaleak bete dituzten jatorri, adin eta genero ezberdinetako familia eta lagun taldeek”. Izan ere horixe baita Atlantikaldia: guztiontzako musika jaialdi eta kultur topagunea.

Aipatu programazioa nortasun propioa izan duten lau gune nagusitan banatu da aurten:  Itsasargi Nagusiko kontzertuek publiko zabala erakarri dute, Kalekaian gazteak izan dira nagusi, Herrixkan familiarteko publikoari zuzendutako proposamenak izan dira protagonista eta Herriko plazako kontzertuek une bereziak oparitu dizkiote publikoari.

Halaber, artisten parekidetasunaren alde jaialdiak egiten duen apostua agerian utzi nahi izan du Udalak eta oholtza gainean emakumeek izan duten presentzia azpimarratu du.

Bestalde, jaialdiak komunitate ezberdinen arteko elkarbizitzari egiten dion ekarpena aipatu du Udalak: “Atlantikaldiak herritarrek topo egiteko eta elkar ezagutzeko molde propioa sortu du urte hauetan zehar eta egitaraua osatu duten ia 70 ekintzetan jatorri ezberdinetako herritar eta hizkuntzak espazioak partekatzen ikustea benetan da pozgarria”.

Jaialdiari lotutako datu solidario bat ere adierazi nahi izan dute Udaletik: larunbatean, Sukaldian ekimeneko (herriko elkarte gastronomikoak, parte-hartzaileak  eta jatorri ezberdinetako pertsonak elkarlanean jarri eta bertako jakiak prestatzen diren ekimena) platerak Herrixkan banatu zituzten euro baten truke. Banaketa honetatik 890 € jaso ziren Zaporeak eta Ukrania Euskadi elkarteen artean banatuko direnak.

Amaitzeko, edizio honen antolakuntzan parte hartu duten eragile eta norbanako guztiei eskerrak eman nahi izan dizkie Udalak eta Errenteria kultur erreferente izan dadin Atlantikaldiak egiten duen lana azpimarratu nahi izan du.