Aste honetan ‘Gipuzkoako I. Alboka Topaketa’ hartuko du Errenteriak

Alboka Bilgunea-k deiturik Errenteriak ‘Gipuzkoako I. Alboka Topaketa’ hartuko du urriaren 8an. Topaketa hauen helburua, alboka zaleak elkartu eta elkar arteko harremanak sendotzea da.

Herri Arte Eskola-k ospakizun hau astean zehar garatuko den egitarau pedagogiko oparo batekin babestu du. Gogora ekarri behar da, aurten bigarren ikasturtez dagoela Errenterian Herri Arte Eskolaren baitan alboka instrumentu gisa ikasteko aukera, bakarka zein taldean.

Horiek horrela, astearte eta ostiralean Galdakaoko Andramari euskal dantza taldetik etorritako dantza maisu-maestren eskutik alboka errepertorioan oinarritzen diren Arratiako ‘Jota eta Porrusalda’ ikasteko saio bana eskainiko dira.

Ostegunean Niessen auditorioan 19:00etan herritar guztiei zabalduriko alboka kontzertu didaktikoa eskainiko da, bertan instrumentuaren berezitasun eta bilakaera historikoa ezagutu ahalko direlarik.

Ostiralean berriz 17:00etan Soinuenea-ra bisita burutuko da HAE-tik bizikletan bidegorria baliatuz joan-etorria eginez (izen-ematea eskolako web orrialdean).
Azkenik, urriaren 8an egun osoko egitaraua deitu du Albokazale Bilguneak, batzarra, goiz eta arratsaldeko kalebuelta eta bazkaritarako aukera zabalduz.