Haurrak sormenaren ikertzaile izango dira ikasturte honetan ere Lekuonako Filosofiaren Plazan

• Diziplina ezberdinetako artistekin elkarlanean arituko dira Lehen Hezkuntzako 4-6. mailetako gaztetxoak, hilean behin

• Urriaren 31 bitartean izena emateko epea zabalik da, doan,  sarrerak.errenteria.eus-en

Errenteriako filosofo txikiek sormenaren inguruan ikertu, pentsatu eta hitz egingo dute, ikasturte honetan ere, Lekuona Fabrikan. Baita sortzaile gisa euren ekoizpen propioak landu ere. Filosofiaren Plazaren bigarren edizioa azaroaren 4an abiatuko da eta ekainera arte luzatu. Hilean behin (ostiral arratsaldean beti), Lekuonako bigarren solairuan dagoen Plaza Horian bilduko dira parte-hartzaileak (Lehen Hezkuntzako 4.-6. mailetako ikasleak) 17.30ak eta 19.30ak bitartean, Jakinmin elkarteko Haur Filosofia bidelagun batekin eta herriko sortzaile batekin.

Filosofiaren Plaza egitasmoa apirilean jaio zen haurrei euren “sormenaren taupada” arakatzen laguntzeko eta ahalmen sortzailearen inguruko hausnarketa egiteko.

Izandako harrera ona dela eta, 2022-23 honetan jarraipena ematea erabaki da, egitura orokor berdina mantenduz eta berrikuntza txiki batzuk gehituz. Horrela bada, eratuko den haur talde finkoak diziplina ezberdinetan adituak diren herriko hainbat sortzailerekin lan egiteko aukera izango du. Aurreko

Aurreko edizioko saioetako bat.

edizioan Ainara Gurrutxaga eta Urko Redondo aktoreek, Xabier Obeso eta Ibai Maritxalar margolariek, Idoia Hernandez Hatxe musikariak, Joxemari Carrere ipuin kontalariak eta Eva Diaz de Isla jostailu diseinatzaileak hartu zuten parte.

Haurren pentsamenduaren “pizgarri” izan zen dinamika bat prestatu zuen bakoitzak. Hortik abiatuta, gaztetxo taldeak eskuratu zuen hitza eta protagonismoa, elkarrizketa filosofikoan murgilduz. Une honetan, aurtengo edizioan parte hartuko duten sortzaileen zerrenda osatzen ari dira antolatzaileak.

Saio bakoitzaren bigarren zatian, sortzeko aukera izango dute haurrek. Diziplina ezberdinekin lotutako materialak eskainiko zaizkie eta, askatasunez, sormen propioarekin esperimentatzen hasteko aukera izango dute. Iaz saioek 90 minutuko iraupena izan bazuten, edizio berri honetan bi ordukoak izatea erabaki da. “Lehen edizioan gustura aritu ziren haurrak eta motz egin zitzaizkigun saioak askotan. Sortze prozesuak denbora behar du eta lasaitasunez eta presarik gabe aritzeko aukera eman nahi diegu. Saioak ostiraletan izateak patxada horretarako aukera ematen du gainera. Horregatik erabaki dugu iraupena luzatzea”, adierazi dute Jakinmin elkartetik.

Bestetik, hilean behin izango da oraingoan hitzordua, azarotik ekainera. Sormenaren inguruko ikerketari ikasturte osoan zehar lekua eman nahi zaio, beraz. “Interesgarria litzateke Filosofiaren Plazan egindako lanak hemendik kanpo ere nolabaiteko jarraipena izatea; etxean, lehenik eta behin”, adierazi da. Horretarako, familiekin komunikazioak garrantzi berezia izango du. “Etxean sormenerako giroa piztera animatuko ditugu, pauta errazen bitartez”, jakinarazi da.

Lekuona Fabrikako esperientzia Tokioko Nazioarteko Kongresuan

Lekuona Fabrikako Filosofiaren Plazaren esperientzia honek abuztuan Japonian ospatu zen ICPIC Haur Filosofiako Nazioarteko Kongresuan lekua izan zuen. Angélica Satiro adituak sortzaileen laguntzaz Errenterian diseinatu den egitasmo honen berri izan zuen eta Jakinmin elkartea gonbidatu zuen Tokion hura aurkeztera.

Jakinminek Haur Filosofia modu ludikoan lantzen du Euskal Herrian zehar. “Norberaren eta gizartearen garapenerako hain beharrezkoak diren pentsamendu kritikoa, sortzailea eta arretatsua trebatzen laguntzen diegu gure esperientzietan parte hartzen duten haur zein helduei”, esan dute.

Euren buruari galdera zailak egiten dizkioten filosofoak dira haurrak. Zoritxarrez, berezkoa duten nortasun hori galdu egiten da askotan denboraren poderioz, elkarrizketa lasaiari espazioak eskaintzen ez dizkion gizarte honetan.

Interesdunek eskura dituzte gonbidapenak sarrerak.errenteria.eus edo Lekuona Fabrikan