Errenteriako Udalak tasak izoztearen alde egingo du

Argazkian, ezkerretik eskuinera: Aizpea Otaegi, alkatea; Maite Gartzia, Elkarrekin Podemos taldearen ordezkaria; Elixabete Murua, EAJ-PNV taldearen ordezkaria; eta Alazne Korta, EH Bildu taldearen ordezkaria.

Udazkenarekin, “zerga politika arautzeko” garaia da Errenteriako Udalarentzat. Urriaren 25ean izango den udalbatzarrera eramango da gaia.

Aurten, lehen aldiz, tasak izoztearen aldeko proposamena eramango da udalbatzarrera EAJ-PNV, Elkarrekin Podemos eta EH Bilduren arteko adostasunez hasierako onarpenerako. Alegazio epea dator gero eta urte amaieran behin betiko onartuko dituzte.

2023 urterako proposamena

Udal Gobernu Taldeak argi du fiskalitate progresibo bat oinarrizko tresna dela errentaren birbanaketa baterako eta zerbitzu publiko indartsuak izateko.

Aurten, baina, egoera oso berezia ematen da. KPIa oso altu dago, energiaren gorakada izugarria izaten ari da eta etxebizitza maileguetako tipoek ere nabarmen egin dute gora herritar askoren egoera okertuz.

Testuinguru horretan inoiz baina beharrezkoagoak izango dira herritar zaurgarrienen beharrei aurre egingo dieten zerbitzu publiko indartsuak bai eta herritar guztiak babesteko politikak garatzea. Baina Udalak nahiago izan du Foru Funtsetik jasoko duen diruaz aurre egin egoera hauei. Hau posible izan da pasa den astean Udalak jakin zuelako iaz baino 2 miloi euro gehiago jasoko dituela funts horretatik.

Horrelako planteamendu bat ez da bideragarria denboran errepikatu eta mantentzen bada, ezin baitira zerbitzu publiko indartsuak eta inbertsio politika ausartak egin diru sarrerarik gabe. Baina aurten, ezohiko moduan tasak ez igotzea erabaki da.

Planteamendu honi gehitu behar zaio aurtengo udaberrian egindako progresibitate fiskalaren proposamenak bide berri bat urratzen hastea ekarri zuela. Hau da, norberaren gaitasun ekonomikoen araberako prezioak ordaintzea hainbat zerbitzuetan: Herri Arte Eskola, Xenpelar Tailerrak, Familia Gunea, Ludotekak, Uztargiko jangela eta Euskaltegia.

Apustua eta erronka nagusia, beraz, progresibitatearen bide honetan sakontzea izanen da.

EAJ udal taldeak, bestalde, progresibitatean sakontzeko proposamenak egin ditu azken urteotan eta Foru Funtsaren aurreikuspenek zerga eta tasen izoztea bideragarri egiten dutela iritzita izoztea proposatu zuenez, bat egin du udalbatzarrera onartzeko eramango den behin betiko proposamenarekin.

Ondorioz hauek dira aurtengo planteamendu nagusiak:

1.- Zerga,tasa eta prezio publikoak izoztea

2.- Progresibitatean oinarritutako fiskalitatean sakontzea.

Famili ugarien hobarian progresibitatea aplikatu da kasu guztietan. Modu honetan zerbitzu publikoetan aplikatutako fiskalitate justuagoa bestelako zerga eta tasetan aplikatzeko pausua emango da.

3.- Trantsizio ekologikoa sustatze aldera

A eta B ziurtagiri energetikoa duten ondasunen eta obren gaineko zergek %40etik %95era doan hobaria izango dute