Agustinetako Komentuak IX Jose Manuel Azkue Memorialaren kontzertu bat hartuko du

Azaroaren 4an, ostirala, Oiartzungo Organozaleak elkarteak IX Jose Manuel Azkue Memorialaren baitan antolatutako lehenengo kontzertua izango da Errenterian.

Emanaldia Agustinen Komentuan izango da. Hori posible da azken hilabeteetan organoa doitzeko eta afinatzeko egin diren lanei esker. Lan horien kostua Udalak ordaindu du. Organoak urteak zeraman erabili gabe, eta, konponketa horiei esker, komentuak aurrerantzean ere horrelako ekitaldi gehiago hartu ahal izango ditu berriro.

Hitzordua 19:30ean hasiko da musikariekin eta antolatzaileekin solasaldi batekin, eta 20:00etan kontzertua hasiko da.

Emanaldian entzun ahal izango dira organoa J. Verdin eta M.N. Betteren eskutik, eta dultzaina, txistua eta oboea H. Ezeizaren eta B. Carreraren eskutik.

Bestalde, Jose Manuel Azkueren IX. Memorialaren baitan, larunbatean, azaroak 5, kontzertua izango da Irunen eta igandean, hilak 6, Oiartzunen.

Jose Manuel Azkue

Oiartzunen sortua, 2008ko abenduaren 19an hil zen Jose Manuel Azkue organista, 81 urte zituelarik. Euskal Herriko organista laudatuenetakoa izan dugu. 1927ean jaio zen Aginagalde-enea etxean. Umetatik nabarmendu zuen musikarako zuen talentua. Soldaduska amaituta, azkar batean egin zituen kontserbatorioak eskatzen zituen ikasketak. Bi urte geroago, 1954an, AEBetara joan zen. Hemezortzi urte egin zituen New Yorken organista eta irakasle bezela.

1975ean Euskal Herrira itzuli eta Koruko Andre Maria elizako organista titularraren postua eskuratu zuen Donostian. Orduz geroztik, bertako Cavaillé-Coll organo famatuari estuki lotuta aritu zen hil artean.

Azkue organista betea zen. Errepertorio oso zabala zuen. Bachen eta Franken obren integralak interpretatzeko gai izan zen, baita obra garaikide ugari ere.

Mundu osoan zehar eman zituen kontzertuak. Euskal Herriak izan duen organistarik garrantzitsuenetako bat izan zen Jose Manuel, ondoren etorri diren organista askoren erreferentea.

Jose Manuel Azkue memoriala

Azkuek jaioterria ez zuen inoiz ahaztu. Maitea zuen, oso, bertako Cavaillé-Coll organo berezia, eta bertan kontzertuak ematen zituen. Horregatik, organista handia gogoan, Oiartzungo Udalak, Jose Manuel Azkue Memoriala antolatzea erabaki zuen 2008an. Herriko organoaren berezko distira agerian utzi nahi zuen jarduerak. Organista ezagunei ez ezik, musikari gazteei eta esperimentazioari leku egin nahi zien, bai herriko instrumentuei ere. 2016tik aurrera, Memoriala antolatzeko ardura Oiartzungo Organozaleak Taldeak hartu zuen.

Azkuek, lotura berezia zuen ere, besteak beste, Irun, Hondarribia, Errenteria eta Donostiarekin. Aski kuttunak zituen Irungo Junkaleko Andre Mariaren eta Hondarribiko parrokiaren organoak. Zer esanik ez, bertako titularra izaki, Donostiako Santa Mariako Cavaillé-Coll famatua. Errenteriako Agustinen eliza eta bere organo txikia ere oso gogokoa zuen. Horregatik izan da beti Memorialaren asmoa, Jose Manuel Azkueren ibilbidean garrantzitsuak izan ziren organo horietara zabaltzea bere jarduna.

Urtez urte, Azkue Memoriala Oarso-Bidasoa aldeko udazkeneko Organo Festibala izatera iritsi da.