Zertaz mozorrotuko zenuke Errenteria 2023ko inauterietan?

Errenteriako inauteriak kolorez eta jendez beteko ditu herriko kaleak. Izan ere, Inauterietako Batzordeak jai parte-hartzailea antolatu nahi du.

Horretarako, herria, tabernak, dendak, kuadrilak… gai zehatz baten inguruan mozorrotzeko deia egin nahi dute batzordekideek eta gaia hautatzeko, herritar guztien artean galdeketa jarri dute martxan.

Hala, herritarrek Inauteritako Batzordeak proposatutako 6 gaien arteko aukeraketa egin ahal izango dute: Denboraren makina, Barrio Sesamo, Bidaiak, Sagak (fikziozkoak, fantasiazkoak…), Janariak eta Pop Artea.

Botoak gaurtik, hilak 26, azaroaren 7ra arte jasoko dituzte, “Zertaz mozorrotuko zenuke Errenteria 2023ko inauterietan?” lelopean.

Horretarako, Lekuona Fabrikan, Udaletxean, Xenpelar Etxean eta Fanderia eta Galtzarabordako kiroldegietan kutxa bana jarri dute eta bertan sartu beharko dituzte herritarrek boto-orriak.

Botoak jaso eta zenbaketa egin ondoren, azaroaren 16an jakinaraziko dute Inauteri Batzordeko kideek boto gehien jasotako gaia zein izan den.