Errenteriako Udalak Beraun kalea berrantolatzeko proiektua aurkeztu du

Aizpea Otaegi alkateak eta Eneko del Amo Hirigintza zinegotziak aurkeztu dute proiektua

Mugikortasunaren ikuspegitik, Beraun kalea arteria garrantzitsuenetako bat da, jasaten duen zirkulazioari dagokionez.

Pertsonentzako hiri atseginagoa egiten jarraitzeko asmoz, Errenteriako Udalak kale hori berrantolatzeko proiektua aurkeztu du.

Irudiaren gainean klik egin handitzeko

Jarduera honen ikuspegia anitza da. Alde batetik, oinezkoentzako segurtasun handiagoa bermatu nahi da, eta, aldi berean, irisgarritasuna hobetzen da. Oinezkoen mugikortasuna hobetzeaz gain, proposamenak bidegorriaren sarea zabaltzea ere jasotzen du.

Bestalde, berdeguneak irisgarriagoak izango dira, eta horien gozamena erraztuko da, etxebizitza-parkearekin lotuago dagoen bide- eta sarbide-sare berri bati esker, eta txakur-parkea autopista azpiko magalean birkokatuz.

Gainera, pertsonentzako egonaldi- eta gozamen-espazioa irabaziko da, 5. eta 15. zenbakien artean bi plaza berri eraikita, eta, aldi berean, hiri-kalitatea hobetuko da, lorategiak eta jolas-guneak txertatuta.

Lur gaineko aparkaleku berri bat ere eraikiko da, 65 ibilgailurentzako edukierarekin. Aparkaleku hau gehitzen zaio Beraun kalearen beheko aldean, Pontikaren mailan, eraikiko den gutxi gorabehera 180 plazako aparkaleku-eraikinari.

Proiektua hiru fasetan gauzatuko da

Proiektua hiru fasetan gauzatzea planteatzen da, eta guztiak datorren urtean zehar gauzatzea da asmoa. Horretarako, lehenengo biak 2023ko lehen sei hilabeteetan lizitatzea espero du Udalak:

Lehenengo fasean, Beraungo frontoiaren ondoan lur gaineko aparkaleku publiko berria eraikitzeari ekingo zaio. Aparkaleku hori handitu ahal izango da.

Bigarrenean, plaza berriak eraikiko dira Beraun kaleko 5. eta 15. zenbakien artean.

Hirugarren fasean, irisgarritasuna hobetzearekin lotutako gaiak jorratuko dira, espaloiei jarraitutasuna emanez eta horiek zabalduz, bai eta berdeguneetarako bideen eta sarbideen sarea ere.

Proiektua gauzatzeko aurrekontua 1.500.000 eurokoa da.