Azaroaren 24ean ‘HDEH2022: Teknologia eta gizartea. Panglosa problematizatzen hackathoia’ izango da

Errenteriako Udalak, Badalabek eta UEUk elkarlanean antolatu dute ‘HDEH2022: Teknologia eta gizartea. Panglosa problematizatzen hackathoia’. Jardunaldia azaroaren 24ean izango da, Badalaben egoitzan, Errenterian.

Formatu, eduki eta norabideekin esperimentatzeko formula izan da orain arte Humanitate Digitalak Euskal Herritik deitu duten urteroko gertakizuna, 2020 urtetik egin dena.

Aurten jardunaldia aurrez aurrekoa izango da, eta horretarako Hackathoi edo lan saio kolaboratiborako topaketa forma emango diote, hacker tradiziotik edanez baina Humanitate Digitalen izpirituari jarraituz herritargo zabalagoari luzatuz parte hartzeko gonbidapena.

HDGunearen lehen hackathoi honetarako Antoni Olivé irakasle eta idazleak proposatutako Panglós-aren kontzeptua problematizatzea proposatzen dute, teknologia eta gizartearen binomioari hizkuntza “automatikoen” aukera eta arriskuen begiradatik ekiteko.

Hackathoiaren planteamendua da teknologia, berrikuntza eta komunitatearen erpinak elkar-harremanean pentsatu, problematizatu eta gureganatzea, hiru ibilbide ezberdindu baina osagarritatik.

Izen-ematea zabalik dago jada eta informazio guztia zein egitaraua hemen ikus daiteke.