Igandean Errenteria Top Fighters ekimenaren hirugarren edizioa izango da

Ezkerretik eskuinera, Alberto Lopez, Kenthai kluba; Arantzazu Hernando eta Sandra Perez borrokalariak; eta Maite Gartzia, Kiroletako zinegotzia

Igande honetan Errenteria Top Fighters jaialdiaren hirugarren edizioa izango da, Kenthai klub errenteriarrak antolatutako jaialdia, kick boxing, K1 eta MMA (arte martzial mistoak) diziplinak konbinattzen dituena, maila profesional eta amateurretan.

Hamabi borrokaldi izango dira, horietatik hiru emakumezkoenak; bat profesional mailan eta beste biak amateurretan.

Edizio honetan bertako ordezkaritza garrantzitsua egongo da, Errenteriako Kenthai klubeko 8 borrokalarirekin. Donostiako eta Bizkaiko, Nafarroako, Zaragozako eta Bartzelonako parte-hartzaileak ere izango dira.

Kenthai klubeko Alberto Lópezek aurkezpenean adierazi zuen oso pozgarria dela horrelako ekitaldiak Errenterian egin ahal izatea, eta jarraitzaileek herriko borrokalariez gozatu ahal izatea, baita horiek etxean aritu ahal izatea ere. Era berean, ekitaldiaren ikusgarritasunaren parte bat borrokak oktogono edo kaiola barruan egingo direla dela azaldu zuen.

Hitzordua igande honetan, azaroak 6, izango da, 17:30ean, Agustina Otaola pilotalekuan. Sarrerak salgai daude Kenthai klubean eta Xenpelar Kulturdendan. Ekitaldiaren egunean ere erosi ahal izango dira hori hasi aurretik, baldin eta lehenago agortu ez badira.