Aurrera doaz Koldo Mitxelena ikastetxearen Markola eraikineko patioaren estalkiaren obrak

Agustinak auzoko Koldo Mitxelena ikastetxeko Markola eraikineko patioaren estalkia egiteko obrak burutzen ari dira, eta datorren urteko hasieran amaitzea aurreikusten da.

Aipatutako ikastetxeko patioa estaltzeko proiektuak, 2019-2023 Agintaldi Planean jasotakoak, jarraipena ematen die 2020an eraikin horretan egindako hobekuntzei.

Kirol-pista estaltzeak aukera emango die aire zabalean eskolak, kirol-jarduerak eta bestelako ekitaldiak garatzeko, baldintza meteorologikoak txarrak badira ere, bai ikastetxeko ikasleei, eta bai auzoko elkarte zein eragileei.

Hori da Udala azken urteetan jarraitzen ari den logika, aisialdirako gune estaliak sortuz hainbat auzotan, hala nola Erdialdean, Beraunen, Kaputxinosen eta orain Agustinetan.

Lanak Jaizubia Obras y Servicios s.l. enpresari lizitatu zaizkio eta aurrekontua 636.474,11 eurokoa da. Udalak Eusko Jaurlaritzaren 353.999,50 euroko dirulaguntza izango du lanak gauzatzeko.