‘Etxeko enplegua, lan duina, zaintza duina’ jardunaldian parte hartu du alkateak

  • Jardunaldiak etxeko langileen eta enplegatzaileen arteko aliantza-aukerei heldu die

Gaur goizean ‘Etxeko enpleguak, lan duina, zaintza duina’ Nazioarteko Jardunaldia izan da Niessen Kulturgunean, Gipuzkoako SOS Arrazakeriako Etxeko Langileen Taldeak antolatuta. Bertan, etxeko langileen eta enplegatzaileen arteko aliantza-aukerei heldu zaie.

Topaketa Allied Employers proiektu pilotuaren eta haren proposamenen esparruan sortutako etxeko langileen eta enplegatzaileen sarearen aurkezpenetik abiatu da. Ondoren, Europako hainbat esperientzia ezagutarazi dituzte, eta, amaitzeko, erakunde publikoekin mahai bat eratu da, egunean zehar azaldutako eta heldutako proposamenak eta zaintzen politika publikoak elkarrizketan jartzeko. Hain zuzen ere mahai horretan parte hartu du Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak, María Bastidas FITHko aholkulari eta etxeko lanaren eta zaintza-politika publikoen ikertzailearekin batera.

Bertan, alkateak goizean zehar egindako proposamen zehatzei heldu eta erantzuna eman die. Hasteko, zaintzaren gaia lantzeko bulego bat ezartzea posible den ala ez galderari baietz erantzun dio alkateak, eta 2017an Oarsoaldea Garapen Agentziak abian jarritako Etxeko-Lan zerbitzuaren adibidea jarri du.

Zerbitzu horren helburua da etxeko-lanetan edo zaintzan lan egiten duten pertsonen gaitasunak hobetu, beren lan baldintzak bermatu eta aldi berean, eskualdeko familiei zuzenduriko bitartekaritza eta aholkularitza zerbitzua martxan jartzea.

Era berean, Udalak, sektoreko elkarte eta eragileekin batera, Arreta Soziosanitarioko lau ikastaro antolatu ditu ordutegi eta egun berezietan, ahal den neurrian zaintzaile gisa lan egiten duten pertsonek bertaratzeko aukera izan zezaten. Guztira 60 pertsonak jaso dute formakuntza hori.

Halaber, alkateak nabarmendu du oso garrantzitsua dela zaintzaren inguruan sentsibilizatzea, bai eta eratzen diren harremanen inguruan ere; izan ere, zaintza-lanak egiteko pertsona bat kontratatzean, kontratatzen duen pertsona edo familia kontratatzaile bihurtzen da, eta garrantzitsua da bi aldeen eskubideak eta betebeharrak ezagutzea.

Zentzu honetan, Udala une honetan sentsibilizazio kanpaina baten lanketan murgilduta dagoela azaldu du.

Izan ere, zaintza da Udala orain lantzen ari den III. Berdintasun planaren ardatzetako bat.