Ereintza Elkarteak omenaldia egingo dio bihar Olegario Izagirre Iruretagoyenari, Errenterian musikaren irakaskuntzaren alde egindako ibilbideagatik

Ereintza Elkarteak omenaldia egingo dio bihar, ostirala, Olegario Izagirre Iruretagoyenari, Errenterian musikaren irakaskuntzaren alde egindako ibilbide luzea eskertu eta aitortzeko.

Ekitaldia Jasokundeko Parrokian izango da, arratsaldeko 19:00etan, txistu, tronpeta eta organorako obrak biltzen dituen kontzertu handi batekin hasita. Aipatzekoa da Katarina Javora organista kroaziar gonbidatuak parte hartuko duela.

Omenaldi horrekin bat egin dute musikarekin lotura duten 15 elkartek, baita Errenteriako Udalak ere. Aizpea Otaegi alkatea izango da ekitaldiaren buru.
Ereintza Elkartetik nabarmendu dute Olegario Izagirre, bere konpromiso indibidual eta kolektiboarekin, funtsezkoa izan dela herriaren errealitate musikalaren eraketan.

“1946an Errenteriako Parrokiako Eskolania ospetsuan musika ibilbideari hasiera eman bazion ere, geroztik txistuaren eremuan, organo-jole gisa, abesbatzen eginbidean eta bereziki gure herriko musikaren heziketan aritu izan da. Labur esanda, Olegarioren lankidetza etenik gabekoa izan da Errenterian musikaren alde berrogeita hamar urte baino gehiagotan. Hitz soiletan gelditu ordez, ekintzetan murgilduz Errenteriako musikarien heziketa musutruk prestatzen eta zabaltzen” azaldu dute omenaldiaren arduradunek.

Ekitaldiaren programa hemen deskargatu daiteke.