Eulalia Abaitua argazkilariaren omenezko ‘Baserritarrak’ erakusketa ikusgai, Jantziaren Zentroan

Jantziaren Zentroan ikusgai dagoen Baserritarrak izeneko erakusketarekin zentroak omenaldia egin nahi dio Eulalia Abaitua XX.mende hasierako argazkilari bilbotarrari. Izan ere, bere lan oparoari esker ezagutzen baitugu xehetasunez baserritarren janzkera.

Baserritarrak erakusketa doan ikus daiteke, bihar larunbata, azaroak 3 tik urtarrilaren 7 ra bitarte. Ordutegia: larunbatetan 11:00-14;00/17:00-20:00 eta igande eta jai egunetan 11:00-14:00 etara. Erakusketak iraun bitartean, Jantziaren Zentroak sare sozialetan Eulalia Abaituaren bizitzaren  bitxikeriak eta argazkiak argitaratuko ditu.

Azaroaren 3an ireki zituzten Kapitain-etxearen sarreran dagoen erakusketaren ateak. Bertan 16 jantzi, guztiak erreprodukzioak, ikusteko aukera dago. Alde batean, Eulalia Abaituaren argazkia, eta ondoan irudiko jantziaren erreprodukzioa. Lehen euskal argazkilariaren biografiarekin batera Bizkaian: Bilbon, ezkerraldean eta kostaldean atera zituen hainbat argazki.

Hain juxtu, argazki horietan ikus daitezkeen baserritarren jantzien erreprodukzioek, guztira 15 jantzik osatzen dute erakusketa. Hamahiru emakumezko eta bi gizonezko jantzi dira.

 Eulalia Abaitua Allende-Salazar

Eulalia Abaitua Allende-Salazar Bilbon jaio zen 1853ko urtarrilaren 25ean  familia burges batean. Hirugarren Gerra Karlistarekin batera, 1871an, familia Liverpoolera (Ingalaterra) joan zen bizitzera. Han,  Eulalia Abaituak argazkigintza, materialak eta teknika ezagutu zituen. Bost urtera Bilbora itzuli zenean, Begoña auzoko bere etxeko sotoan, argazki laborategia instalatu zuen, eta bere inguruko unibertsoa erretratatzen hasi zen.

Abaitua argazkien kalitate teknikoagatik nabarmendu zen. Ia denak kanpoaldean aterata, eta argi naturalarekin. Emakumeak dira protagonista ia guztietan. Bular edo erdiko planoak, amerikarrak eta gorputz osokoak.

Argazkilari bilbotarra, mende aldaketaren lekuko izan zen, eta bere irudiekin, garai bat, baserri giroa, eta  iristen ari zen beste bat, industriala, islatzen jakin zuen. Eulalia Abaitua 1943 urtean hil zen, 90 urte zituela.

Lehen euskal argazkilariaren irudiak Bilboko Euskal Museoan gordetzen dira. 2.500 unitate irudi baino gehiago dira, eta horietatik 1.369 kontsulta daitezke. Argazkilari bilbotarraren lana 1990. urtetik aurrera egin zen ezagun, Bilboko Euskal Museoak antolatutako aldi baterako erakusketa eta argitalpenen bidez.