Añabitarte baserria Mari Domingiren etxe bihurtuko da abenduaren 18ra arte

Mari Domingiren Errepublika Magikoa Euskal Herriko betiko tradizioak eta egungo jendartearen izaera, desio nahiz erronkak uztartzen dituen esperientzia magikoa izango da. Orereta ikastolaren Añabitarte Baserria (Zamalbide auzoa, 14) Mari Domingiren etxe bihurtuko da eta haren inguruko zelaiguneak magiaz, iratxoz eta sendabelarrez beteko dira. 40-45 minutuko ibilbidean, magia bilgunea, sorgintzen baratzea eta Mari Domingiren etxea bisitatuko dituzte Añabitartera gerturatzen direnek. Azken horrekin, berriketan aritu, gutuna eman eta salda bero bat hartzeko aukera izango dute.

Mari Domingiren Errepublika Magikoa azaroaren 19tik abenduaren 18ra egongo da zabalik, asteburuetan. Aurrez hitzordua hartu eta sarrera erosi beharko da bisitan joateko www.maridomingi.eus webgunean. Hala nahi duen herritar orori egin nahi zaio Mari Domingirengana bisitan joan eta hari eskutitza emateko gonbita.

Mari Domingiren Errepublika Magikoa: emakumea eta natura ardatz
Covid-19ak eragindako pandemia tarteko, Orereta Ikastolak Mari Domingirengana bisitan joateko aukera eskaini du Añabitarte Baserrian azken bi ikasturteetan, 2020ko eta 2021eko Eguberri garaian.

Aurten, ekimenak orain arte harrera ona izan duela ikusita eta egungo jendartearen zein Ikastola izaeraren hainbat ezaugarri nahiz balorerekin bat datorrela ikusita, proiektuari gorputz eta mami handiagoa emateko apustua egin du Orereta Ikastolak.

Pausoa eman dute bide horretan, Mari Domingiri izaera propioa eman berez eta nahi duen bezala existitzeko, genero eta familia eredu jakinei lotu gabe. Eguberrien izaera paganoan eta ospakizunak naturaren zikloekin duen harremanean ere jarri nahi izan dute azpimarra.