Guillermo Martinezen ‘Luna’-ren estreinaldia eta Pablo Sorozabal, Santa Zezilia kontzertuaren protagonistak

Errenteriako Musika Kultur Elkarteak (EMKE) eta Andra Mari Abesbatzak (AMA) antolatuta, Santa Zezilia kontzertua egingo dute datorren ostiralean, azaroaren 18an, 20:30etan, Fatimako elizan. Kontzertuan, Errenteriako Musika Bandak eta Andra Mari Abesbatzak hartuko dute parte.
Emanaldiak bi protagonista nagusi izango ditu. Lehen zatian, Guillermo Martinez  konpositore asturiar gaztea nabarmenduko da; bigarrenean, Pablo Sorozabal Mariezkurrena donostiar konpositore unibertsala.
Guillermo Martínezek, EMKE-ren enkarguz konposatutako “Luna” poema sinfonikoaren estreinaldia dakar elkarte musikalak. Jules Gabriel Verneren “Lurretik Ilargira” eta “Ilargiaren inguruko Bidaia” nobeletan inspiratutako obra. Pablo Sorozabali dagokionez, berriz, bertsio sinfoniko-koralean “Gabiltzan Kalez Kale” eta “!Ay Tierra Vasca! Euska Herria” obrez gozatu ahal izango du audientziak, zehazkiago, Angel Briz Lázcozen instrumentazioan. Egitaraua, Otto Martin Schwarz konpositore austriarra eta Eric Whitacre estatubatuarraren obrekin osatuko da. Egungo egile esanguratsuekin, alegia.
“Luna” obraren egilea, Guillermo Martinez kontzertuan bertan izango da eta Alain Ayerdi Gurpegi eta Andoni Sierra izango dira zuzendari artistikoak.
Baina ez da hau izango kontzertuan biziko den une berezi bakarra, izan ere, bertan elkartearen zilarrezko domina ezarriko zaie Itziar Jimenez eta Tomas Lazkano musikariei, Errenteriako Musika Bandan egindako 25 urteko ibilbideagatik.