Oarsoaldeko lau herrietako kirol zinegotziek – Maite Gartzia (Errenteria), Irlentz Ortega (Lezo), Enekoitz Markos (Oiartzun) eta Lore Suarez (Pasaia) – Eskola Kirolako daturik nabarmenenak eta eskola kiroleko filosofia aurkeztu dituzte aste honetan; kirol aniztasuna, nesken parte hartzea sustatzea, elkartasuna, elkarrekiko errespetua, jasangarritasuna partiduetara bertaratzerakoan eta kirol munduaren profesionalizazioa.
Oarsoaldeko lau udalok 20 urtetik gora daramatzate Eskola Kirolaren kalitatea hobetzeko lanean. Kirol eta euskara teknikarien lan-mahai batek gidatzen du lan hau, eskola kiroleko koordinatzaileen bitartez,.
Eskola Kirolak handitzen jarraitzen du. Aurten ere eskualdeko eskola kirolak azken urteetako bilakaera paregabeari eusten dio:
• Ikasleen % 59,22k egiten du eskola kirola aurten (2021.urtean %55,96k). 8 eta 12 urte arteko 1.335 ikaslek egiten dute eskola kirola Oarsoaldean. Oarsoaldeko ikastetxeetan matrikulatuta dauden 8-12 adin tarteko ikasleak 2.254 dira guztira (aurreko ikasturtean 2.559 ziren). Honek erakusten du datu hauen benetako neurria eta garrantzia, ikasleen erdiak baino gehiagok egiten baitu eskola kirola eskualdean.
Datu honek eskola orduz kanpo haur eta gaztetxoek egiten dituzten jardueren artean nagusi bihurtzen du Eskola Kirola. Hortik, besteak beste, bere garrantzia.
• 128 talde guztira: 64 talde Errenterian, 28 Pasaian, 25 Oiartzunen eta 11 Lezon.
• 72 entrenatzaile arduratzen dira 128 talde horien saioak gidatzeaz, 29 emakumezko eta 43 gizonezko.
• Nesken parte hartzea gorantz doa urtez urte, poliki bada ere. Eskola kiroleko parte-hartzaileen % 34,31k neskak dira (2018.urtean %33,92ak parte hartzen zuen), eta %65,69 mutilak dira (2018.urtean %62,09ak parte hartzen zuen).
• Eskola kirola jarduera %100 euskaraz egiten da gaur egun, urteotan guztiotan egin den lanari esker entrenatzaileen kirol prestakuntza eta euskararen ezagutza eta erabilera ahalbidetzen baitira gaur egun.