Errenteriako Udalak 8.000 euroko dirulaguntza eman dio UNRWA Euskadiri palestinar errefuxiatuak Libanon laguntzeko

Larrialdi humanitarioetarako Errenteriako Udalak duen aurrekontutik 8.000 €-ko dirulaguntza eman dio UNRWA Euskadiko batzordeari (Palestinar Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentzia Ekialde Hurbilean). Hain juxtu, Nazio Batuetako Ekialde Hurbileko agentziak Libanon bizi diren Palestinako errefuxiatuek pairatzen duten krisiaren aurrean diru-funtsa zabaldu du eta horri egin dio ekarpena Udalak. Libano osoan zehar 479.537 palestinar bizi dira.

Denera, UNRWAk 92 eraikin ditu herrialdean (65 ikastetxe eta 27 osasun zentro), eta 3046 langile. Lorturiko aurrekontuarekin erizainak, irakasleak, pertsona zaurgarrien eguneroko beharrak eta tratamenduak ordainduko dira.

Egoera herrialdean

Egun, Palestinako 479.537 errefuxiatu daude erregistratuta UNRWAn, Libanon.
Agentziak, besteak beste, gizarte, osasun eta hezkuntza zerbitzuak eskaintzen dizkie 12 kanpalekutan eta Libanoko beste leku batzuetan bizi diren Palestinako errefuxiatuei. Horrez gain, Palestinak Libanon dituen errefuxiatuetatik 61.000ri dirutan ere ematen die laguntza hiru hilean behin. Horietatik, 29.000 errefuxiatu baino gehiago Siriako gerratik ihesean datoz.

Egoera kezkagarria da, izan ere, Libanoko familien % 73 pobrezia-tasaren azpitik bizi dira. Bi aldiz errefuxiatu izan diren palestinar horietatik % 51 emakumeak dira, eta % 42 adingabeak. Horien artean, haurren % 80k ez dute garapen fisiko eta mental osasungarria izateko behar adina elikagairik jasotzen. Kasu larrienetan, adingabeek, besteak beste, nahitaezko ezkontzak eta haurren lana jasaten dituzte.

Libanoko ekonomiari erreparatuta, elikagaien saskiaren prezioa % 400 igo da 2019tik, eta libera libanoarrak balioaren % 90 baino gehiago galdu du dolarraren aldean. Gainera, Ukrainako gerra dela-eta, gari-irinaren eta landare-olioaren prezioek gora egin dute eskualde osoan, eta oinarrizko elikagaiak dira bi horiek familia gehienen dietan.

Bestalde, petrolioaren eta gasaren kostua gero eta handiagoa izateak garraioa garestitzea dakar, eta, beraz, oinarrizko produktuen prezioak ere igotzea. Horren ondorioz, eten egiten dira funtsezko ondasunak nahiz funtsezkoak ez direnak hornitzeko kateak.