Interneterako sarbidearen bidez adingabeen hezkuntzarako eskubidea bermatzeko Gizarte Larrialdietarako Laguntzen osagarria

Argazkian: Aizpea Otaegi, alkatea, eta Eñaut Gracia, Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia

• Laguntza-lerro berri bat eratu du Udalak, derrigorrezko eskolatze-adinean dauden adingabeak dituzten familia kalteberenek Interneterako sarbidea bermatuta izan dezaten, ikasleek ikasturtea bermeekin eta normaltasunez jarraitu ahal izateko

COVID-19aren konfinamenduaren garaian, Udalak adingabeak beren kargura zituzten familia ahulenen hezkuntzarako eskubidea bermatu zuen, Interneterako sarbidea ahalbidetzen zuten ordenagailuak eta datu mugikorren txartelak emanez. Horrela, Interneterako sarbidea zuten 100 SIM txartel eta 40 ordenagailu eramangarri baino gehiago banatu ziren.

Hausnarketa batean oinarrituta egin zen hori, nabarmendu baitzen ikasturtea etxetik jarraitu ahal izateko beharrezkoa zela Interneterako sarbidea bermatzea. Bestela, hezkuntza eskubide izatetik pribilegio izatera igaroko zen eta.

Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten familientzako osagarriak

Interneterako sarbidearen bidez adingabeei hezkuntzarako eskubidea bermatzeko helburuarekin jarraituz, Udalak beste urrats bat eman du eta familia zaurgarrienentzat osagarri ekonomikoak jarri ditu martxan Gizarte Larrialdietarako Laguntzen bidez.

Laguntza horiek 6 eta 16 urte bitarteko adingabeak (derrigorrezko eskolatze-adina) dituzten eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten familientzat izango dira, errenta horrek egoera ekonomiko kritikoan dauden familiak objektibatzeko balio baitu. Laguntzak atzeraeraginez emango dira pasa den irailetik hasita, hau da, ikasturte hasieratik.

Informazio hori ikastetxeen bidez helaraziko zaie ikasleei, eta baldintzak betetzen dituzten familiak Errenteriako Udalarekin harremanetan jarri ahal izango dira laguntza hori izapidetzeko, bai ZU! arreta zerbitzuaren bidez, bai Gizarte Zerbitzuen bidez.

Gizarte-inbertsioan “bikaintasuna” aitortzea

Nabarmendu behar da aste honetan jakin dela Errenteriak Gizarte Zerbitzuetan egindako inbertsioagatik bikaintasuna lortu duela beste behin ere, Gizarte Zerbitzuetako Zuzendarien eta Kudeatzaileen Elkartearen arabera.

Errekonozimendu horren arabera, Errenteria, beste urte batez, kohesio eta justizia sozialean gehien inbertitzen duten Espainiako Estatuko 20.000 biztanletik gorako hirien artean dago, eta lehenengoa da Gipuzkoa mailan.

Gizarte Zerbitzuetako Zuzendarien eta Kudeatzaileen Elkarteak honako irizpide hauek hartzen ditu kontuan azterketa hori egiteko:

1. Nahikotasun ekonomikoa: 2021ean Gizarte Zerbitzuetan eta Gizarte Sustapenean egindako gastu likidatua (23 funtzionala) urtean 100 € baino handiagoa izatea biztanleko eta urteko.

2. Hazkunde ekonomikoa: Gizarte Zerbitzuetako eta Gizarte Sustapeneko Gastuaren 2022ko Aurrekontua (23 funtzionala) ez izatea MHFPri aurkeztutako 2021eko likidazioa baino baxuagoa.

3. Inbertsio-ahalegina: 2021ean likidatutako gizarte-gastua (23 funtzionala) Udalak 2021ean likidatutako guztizko aurrekontu ez-finantzarioaren % 10 izatea gutxienez.

4. Gardentasun finantzarioa: aurrekontuaren banakapena eta funtzionalari egotzitako gastuaren xehetasuna udal-webgunearen gardentasun-atarian erkatzea ahalbidetuko duena.

Azterlanak berretsi eta baliozkotu egiten du Udalak herritarrak bere jardueraren erdigunean jartzen dituen herria izateko egiten duen apustua; izan ere, Errenteriako Udala oso kontziente da ez dagoela kalitatezko herri proiekturik justizia sozialaren eta kohesioaren aldeko apusturik egiten ez bada.