Aizpea Otaegi alkateak eta Gotzone Sagardui sailburuak bilera egin dute

• Alkateak urriaren 11n egindako eskaerari erantzunez, Beraungo anbulatorioko arreta-ordutegia murriztu behar zela jakin ondoren, atzo bilera bat egin zen Bilbon Gotzone Sagardui Osasun sailburuarekin, eta bertan parte hartu zuten Aizpea Otaegi alkateak eta Itziar Ostolaza eta Maite Gartzia bozeramaileek

• Bileran sailburuak ez zuen konpromisorik hartu Beraungo anbulatoriotik kendutako 17:00etatik 20:00etarako zerbitzua berrezartzeko

Urriaren 10az geroztik, Beraungo anbulatorioak arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara larrialdiko arreta eskaintzeari utzi dio, eta horrek suposatzen du Beraungo anbulatoriokoak diren eta larrialdiko arreta behar duten pertsonak Iztietara joan behar izatea.

Horrek, hain funtsezkoa den osasun-zerbitzuarekiko hurbiltasuna eta irisgarritasuna murrizteaz gain, gainkarga bat ere sortzen du Iztietako anbulatorioan, joan den urriaren 10etik Iztietako eta Beraungo anbulatorioetako larrialdiei arreta ematen baitie.

Gotzone Sagardui sailburuarekin izandako bileran, alkateak sailburuari adierazi zion kezkatuta dagoela galdutako zerbitzuagatik eta horrek Errenteriako herritarren osasunean eta bizi-kalitatean duen eraginagatik, eta urriaren 25ean Udalaren osoko bilkuran onartutako mozioaren berri eman zion, gehiengo zabalarekin onartua, bai eta azaroaren 26ko mobilizazio garrantzitsu eta jendetsuaren berri ere. Mobilizazio hori hainbat auzo-, erretiratu- eta pentsiodun-elkartek antolatu zuten, ezabatutako zerbitzua berrezartzeko eskatuz.

Bilera amaituta, sailburuak ez zuen epe kontuetan konpromiso argirik hartu. Ondorioz, urriaren 10a baino lehen Beraungo anbulatorioak ematen zuen zerbitzua berriro noiz eman ahal izango duen ez dago argi.