Giza Eskubideen VIII. Jardunaldiak hasiko dira gaur, ‘Giza eskubideen bidetik’ izenburupean

Aurten, zortzigarren urtez jarraian, abenduaren 10a, Giza Eskubideen Eguna ospatuko du Udalak, gaur hasi eta 17ra arte herritar guztiei zuzendutako programa zabala eskainiz. Horren baitan hainbat jarduera eskainiko dira (erakusketa, antzerkiak, etab.), Giza Eskubideak aldarrikatzeko eta herritarrei horren inguruan gogoeta eginarazteko, besteak beste.

1948an, Nazio Batuen Batzar Nagusiak Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala onartu zuen. Bertan, pertsona guztientzat giza eskubide unibertsalak aldarrikatu zituen dokumentua sortu eta adostu zen. Aldarrikapen hori erreferentziazko irizpide bihurtu zen munduko herrialde guztietan zuzena zer den eta bidegabea zer den bereizteko.

Hala ere, hainbat gertaera historikoren ondorioz, eskubide horiek arriskuan edo zalantzan jarri dira momentu batzuetan, eta horregatik, bilakaera ez da beti lineala izan. Ziurgabetasunak ardaztutako momentu historiko honetan, beldurra eta gorrotoa zabaltzen ari direnean, migratzaileak mehatxutzat hartzen dira.

Bestalde, instituzioak ere, kolokan jartzen ari dira unibertsaltasunean oinarritutako zenbait zerbitzu publiko oinarrizko ere.

Horregatik guztiagatik, Errenteriako Udalak antolatutako Giza Eskubideen Jardunaldien VIII. edizioan, beharrezko ikusi dute giza eskubideen urraketa salatzea, eta aldarrikapen hori osatzen duten artikulu guztien artean, 13. artikuluan jartzea fokua. Mugikortasun askerako eskubidea aldarrikatzea, hain zuzen ere.

Horretarako, Maite Rosende diseinatzaile grafikoak egindako ilustrazio bat baliatu dute. Marrazki horretan oinarrituz, mural erraldoi bat jarri dute herrian. Ekimenaren bidez, etengabe urratutako eskubide bat aldarrikatu nahi izan dute: zirkulazio askerako eskubidea. Izan ere, eguneroko bizipenen bidez ikusten da amaigabeak direla jatorrizko herrialdeetatik Europako beste herrialdeetara migratzerakoan gainditu beharreko oztopoak. Hori adierazteko, diseinuaren irudiak semaforoaren metafora du ardatz, zirkulatzeko baimena ematen duen edo ez duen semaforoa.

Muralaz gain, esan bezala, beste jarduera batzuk ere egingo dira jardunaldien programaren barruan, herritar guztientzat irekiak eta doakoak:

Egitaraua

Abenduaren 5etik 16ra ‘Begiradak: Afrikako bihotzera bidaia magikoa’ erakusketa egongo da ikusgai Xenpelar Etxean. Inaugurazio irekia gaur izango da, arratsaldeko 17:00etan. Etiopia Utopia elkartearekin elkarlanean ekarritako erakusketa da hau.

Abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, ekitaldi berezi bat egingo dugu Ozzinema elkartearekin batera, 18:00etan, Niessen Kulturgunean. Bertan, herriko Giza Eskubideen I. Zinema Dokumentalaren Jaialdiko sari banaketa egingo da eta egunarekin lotutako ekitaldi bat ere izango da. (*Doako sarrerarekin).

Halaber, abenduaren 13an jaialdiko dokumental irabazleak ikusi ahal izango dira Niessen Zinemak aretoan (2. aretoa) 19:00etan. (*Doako sarrerarekin)

Aurten, antzerkiaren aldeko apustua egin nahi izan dute antolatzaileek, ahalduntzeko eta gizartea eraldatzeko duen gaitasunagatik. Horretarako, ikuspegi horretatik lan egiten duten bi antzerki konpainia ekarri dituzte.

Abenduaren 12an ‘Mustafá está en el rellano’ antzerki-foroa izango da 19:00etan, Niessen Kulturgunean. Auzo-komunitate batean denei eragiten dien arazo bat dago. Bizikidetza ohikoa den arren, interes jakin batzuen aurrean gatazkak sortzen dira, eta “bestearekiko” aurreiritziz zein estereotipoz betetako jarrerak azaleratzen joango dira. Zapalduaren antzerkiaren bitartez lan egiten duen “Forn de teatre Pa’tothom” antzerki konpainiarena filosofiari jarraiki, ikusleen parte-hartzea sustatuz, agertokian proposaturiko gatazkari, irtenbide kolektibo bat eman nahi zaio. (*Doako sarrerarekin).

Abenduaren 14ean ‘Aporofobia Stop’ antzezlana ikusgai egongo da 19:00etan Niessen Kulturgunean. Obrak pobrezia, etxe gabe edo egoera ekonomiko zaurgarrian dauden pertsonek bizi duten errealitatea ikusarazi eta haienganako gorroto-delitua salatu nahi du: aporofobia. Errealitate hori bizi duten pertsonek sortutako eta antzeztutako lana da, hain zuzen ere, haiekin egindako prozesu baten emaitza. Giza eskubideetatik abiatuta lan egiten du “Ados Teatroa” konpainiak, eta prozesu hori bazterketa-arriskuan dauden hainbat kolektiborekin gauzatzen du, giza eskubide buruz hausnartzea bultzatzeko.

Bi antzezlanen amaieran, “Atarian” saioa egongo da, konpainiak egiten duen lana eta haren obra hobeto ezagutzeko espazioa, hain zuzen. (*Doako sarrerarekin)

Abenduaren 15ean ‘Txori Urdina’ liburuaren irakurketa egingo dute 18:00etan Reina Aretoan. Santi Cobosek 25 urte eman ditu preso eta horietako asko isolamenduan edota FIES artxiboan sailkatuta. Bere testigantza jasotzen duen liburua irakurriko da zenbait ahotsen artean. Ekimen hau Sare eragilearekin elkarlanean sustatu da. Zigor Olabarria egilea eta Gorka Lazkano, Santi Cobosen laguna, egongo dira bertan. (Aforoa bete arte)

Amaitzeko, publiko guztiarentzako programa bat eskaintze aldera, Lanku konpainiaren ‘Urpekakariak’ haurrentzako antzerkia emango dute (5 eta 11 urte bitarteko umeei zuzendua): Galtzerdi eta Leotardo, igerilekuan elkartu diren bi lagun, uretan murgilduko dira beren gorputzekin eta gainerakoekin topo egingo duten mundu batean. Aniztasunari, sexualitateari, rolei eta abarri buruz gogoeta egiteko saioa izango da. Abenduaren 17an izango da, 11:00etan, Lekuona Fabrikako Plaza Berdean. (*Doako sarrerarekin)

Ekintza guztiak doakoak dira.

* Doako sarrerak eskuratzeko:

• Online: sarrerak.errenteria.eus

• Fisikoki: Lekuona Fabrikan.

• Ikuskizuna baino ordubete lehenago: Niessen Kulturgunean egingo diren ekintzetan, bertako leihatilan, eta ‘Urpekakariak’ ikuskizunerako sarrerak Lekuona Fabrikan.

Informazio gehiago https://herribizia.errenteria.eus/giza-eskubideak-2022/ webgunean eta 943 449 604 telefono zenbakian.

Jardunaldiak antolatzeko edukiak zein interes handia jarriz parte hartu duten eragile eta norbanako guztiei eskerrak eman nahi dizkiete antolatzaileek.