Dagoeneko salgai daude Errenteriako Musika Bandak haurrentzako eskainiko duen kontzerturako sarrerak

Errenteriako Musika Kultur Elkarteak antolatuta, ‘Marrazki Bizidunen Musika Ametsa’ haurrentzako emanaldia datorren abenduaren 18an, igandean, izango da, 18:30ean, Niessen Kulturgunean.

‘Marrazki Bizidunen Musika Ametsa’ kontzertuan marrazki bizidunen munduan murgilduko dira entzuleak, musika-bidaia zoragarria burutzeko, klasikoetatik hasi eta egungo marrazki bizidunetara iristeko. Errenteriako Musika Bandak haurrei zuzendutako proiektu hau diseinatu du, klasiko handien konposizioak marrazki bizidunetako izarren abenturarik dibertigarrienekin uztartuz. Hori guztia, Charlie Chaplin eta Buster Keaton bezalako zinema klasikoko pertsonaia handiak bere eszenarik onenen artean txertatuz.

Aitor Mitxelenaren zuzendaritzapean, Errenteriako Musika Bandak musika-bidaia txundigarrian zehar gidatuko ditu entzuleak.

Kontzertuaren egitarauak barne hartzen ditu, besteak beste: ‘Disney Fantasy’ japoniar Naohiro IWAI konpositore esanguratsuaren obra, ‘Tiny Toons Maniac’, Bruce Broughton-ena, ‘Il barbiere di Siviglia’, Rossini maisuarena, Grieg-en ‘Peer Gynt’, ‘Gladiadoreen sarrera martxa’ Julius Fučík konpositore txekiarraren martxa edota Michael Giachinnoren ‘Los Increíbles’ filmaren soinu banda. Historian zehar animazioaren une garrantzitsuen protagonista izan diren konposizioen ikuspegi zabala. Egitaraua hiru gabon kantuekin osatuko da, eguberri jaien atarian. Eta hori guztia, sorpresaren batekin batera.

Emanaldirako sarrerak salgai daude jada, 3 euroan, Lekuona Fabrikako leihatilan edota internetez, sarrerak.errenteria.eus webgunean.