Barandiaran parkearen deskontaminazio-lanak hasi dituzte, fuel-olioaren lurpeko biltegi bat kenduta

  • Urrats hori da, dagoeneko hasi diren aparkalekuko obrekin batera, parkea berreskuratzeko emandako askoren artean azkena

Pontika auzoko Barandiaran parkearen eremuak lurzorua kutsa dezaketen industria-jarduerak jasan ditu hainbat hamarkadatan, ingurumen-araudiaren eta Euskadiko lurzoru kutsatuen katalogoaren arabera.

Horregatik, urte honetan zehar, Errenteriako Udalak egungo orubeko lurzoruaren kutsadura-maila aztertu eta ezaugarritzeko lanak egin ditu.

Azterlan horiek funtsezkoak izan dira Eusko Jaurlaritzari orubearen deskontaminazio integralari ekiteko baimena eskatzeko.

Aldeko baimena eta lurzoruaren kalitatearen adierazpenerako espedientearen hasiera 2022ko azaroan jaso ziren.

Horri guztiari esker, 40.000 litroko edukiera duen fuel-olio biltegi bat kendu ahal izan da, baldintza txarretan dagoena eta hidrokarburo kantitate esanguratsuak dituena.

Biltegi hori kentzeaz gain, ingurunean hidrokarburoak deskontaminatzeko lanak eta beharrezko analisiak egingo dira. 2023ko urtarrilera arte iraungo duten lan horiek Limia&Martin, SL enpresari esleitu zaizkio, 44.421,58 euroan.

Parkea, gero eta hurbilago

Deskontaminazio-lanak arintzeko asmoz, era berean, indusketa-plan bat idatzi da, etorkizuneko parkearen diseinuan oinarrituta.

Zentzu horretan, esan beharra dago parkea eraikitzeko ezinbestekoak diren hainbat ekintza garatu direla azken urte honetan.

Zehazki, etorkizuneko Barandiaran parkea diseinatzeko prozesua gauzatu da, lurzoruaren kalitatearen azterketa osatzeko eta egungo egoera ezagutzeko beharrezkoak diren laginak egin dira, eta bi hirigintza-esku-hartze egin dira aparkaleku-plazak sortzeko. Lehenengoa, Arramendi pasealekuan, gunea 12 aparkaleku izatetik 25 izatera igarotzea ahalbidetu duena; bigarrena, Pontika-Beraun Beherean, 3.248.000 euroko aurrekontuarekin, 183 plaza lortzeko.

Urrats horiek guztiek, deskontaminazioarekin batera, parkea errealitate bihurtzeko atarian kokatzen dute auzoa.