Kultur malutak ekimena berriro martxan

Aurten ere, Kultur Malutak lelopean, abenduaren 15etik urtarrilaren 7ra luzatuko den kultur programa zabala prestatu dute herriko eragileek eta Udalak. Helburua herritik mugitu gabe herritarrei aisialdiaz gozatzeko aukera ematea da.

Adin tarte guztientzako egitaraua osatzeko ahalegin berezia egin dute eta baita diziplina aniztasuna ere: musika, dantza, antzerkia edo kultur sorkuntza ardatz duten tailerrak izango baitira egun hauetako protagonistak. Horiez gain, udal Ludoteka eta Gaztelekuek herriko haur, gazte eta familiei zabalduko diete euren eskaintza opor egunetan.

Kultur Malutak aterkipean sortutako ekintza hauen guztien berri emateko leiho digitala sortu dute: herribizia.errenteria.eus/kultur-malutak. Bertan izango da ekintza guztien berri eta izen-emateak egiteko, sarrerak erosteko edo gobidapenak eskuratzeko modua.

Baina ez hori bakarrik, Olentzerok eta Mari Domingik eta Errege Magoek ere izango dute txoko bat bertan. Izan ere, orain arteko arrakasta ikusita, haurrei zuzendutako mezu pertsonalizatua eskatu ahal izango da aurten ere. Haurrek ilusio handiz jaso izan dituzte gutun hauek baita herriko mugak gainditu ere.

Hau horrela, abenduaren 27tik aurrera, Errege Magoen mezua eskatzeko aukera ere egongo da aktibatuta.

Herriko eragileen elkarlan baten emaitza ere ikusi ahalko du web orrira sartzen denak: herriko sei ludoteketako haurrek Lekuona Fabrika apaintzeko zuhaitz eta elur malutak atondu dituzte. Prozesua bideoz grabatu dute eta musika Zaria Koru Eskolak jarri dio.

Halaber, Lau Haizetara Elkartearen Olentzero eta Mari Domingiri idazteko gutuna ere eskuragarri izango da web orrian.

Paperean ere jaso ahalko du programazio osoa, hala nahi duenak, udal eraikinetan eskuragarri dauden eskuorriei esker.

Kaleak ere girotuta

Programazioaz gain, eta herriko ekonomia suspertze aldera, kaleak ere girotu nahi izan dituztela aipatu dute eta hala, musika eta argiztapen berezia izango direla Beraun, Iztieta eta erdiguneko kaleetan energia efizientzia kontuan hartuta beti ere.

Halaber, abenduaren 22tik aurrera Herriko plazan orduro izango da Olentzero eta Mari Domingi ikusteko aukera udaletxean jarriko duten karriloiari esker.