Bost udal-eraikinetan eguzki plakak ezarriko ditu Udalak Nextgeneration funtsen laguntzarekin

Errenteriako Udalak, Europar Batasunak – NextGenerationEUk finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren laguntzaren bitartez, Errenteriako ondorengo bost udal-eraikinetan instalazio fotovoltaikoak ezarriko ditu: Bizarain Beraun Ikastetxean, Cristobal Gamon Ikastetxean, “Agustina Otaola Raketista Profesionala” Frontoian, Udaltzaingoan eta “Ekintzaileentzako Agustinak Zentroan”.

Udaltzaingoko instalazioa bakarkako autokontsumoan izango da, isurketarik gabe eta bateriekin. Gainerako instalazioak, berriz, autokontsumo kolektibo modalitatean izango dira, soberakin konpentsazioarekin.

Horretarako, instalazio fotovoltaiko hauen hornidura, instalazioa, tramitazioa eta abiaraztea lizitatu du Udalak. Interesa duten enpresek kontratazio publiko honi buruzko baldintzak eta oinarriak kontsultatu ditzakete Errenteriako Udalaren webgunean nahiz Euskadiko Kontratazio Publikorako plataforman.

Proiektuaren lizitazio aurrekontua 430.504,76 eurokoa da eta Europar Batasuneko finantzazioa – NextGenerationEU – (281.275 €-ko laguntza, itzuli beharrik gabe) jaso du. Ordainketaren funtsak Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikorako Ministeriotik datoz eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana eta Suspertze eta Erresilientzia Mekanismotik.

Instalazio hauek, ordea, ez dira Errenteriako Udalak abian jarritako bakarrak. Izan ere, 2010. urtetik hona beste 9 instalazio burutu ditu. Hauekin eta lizitatutako instalazio berriekin urtero 662.476 kW sortzeko gaitasuna izango du Udalak.

Proiektuaren helburuak

Proiektu honekin hiru helburu bilatzen ditu Udalak:

  • CO2 isurketak murriztea.
  • Energia eraginkortasuna bultzatzea.
  • Energia modu berriztagarrian sortzea.

Proiektu hau Errenteriako Tokiko Agenda 21en Ekintza-planean eta Klima eta Energia Iraunkorraren aldeko Ekintza-planean jasotako konpromisoekin bat dator. Horretaz gain, Errenteriako Udala “Alkateen Ituna” izeneko ekimenean parte hartzen duenez, bertan jasotako Berotegi Efektuko Gasen murrizketarako konpromisoa betetzeko bultzada emango dio proiektu honek.