Egitarau anitza 2022ko San Tomas egunerako

Bi urteko etenaldiaren ostean, berriro ere heldu diote duela 36 urte Xenpelar AEK euskaltegiak martxan jarritako Negukio Solstizioa/San Tomas eguna antolatzeari. “Abenduaren 21ean, herritar guztiek agendan gordetzen duten egun horretan, denen arbasoen ohitura zaharrak berreskuratu eta eguzki berri baten jaiotza edota ziklo berri baten hastapena ospatuko dugu, beti ere naturak ematen duenari eutsita; hari, izadiari, amalurrari, errespetua eta miresmena besterik ez zaio eskaini behar eta”, esan dute San Tomas Batzordeko kideek.

Horixe bera eskatu diete herritarrei, bat egin dezaten abenduaren 21eko jaia antolatzen duten Xenpelar AEK-k, Alaitasunak, BPANek, Burusoilakek, Doikek, Ereintzak, Juventudes Socialistasek, Koldo Mitxelenako ikasleek, Landarbasok, Motor Bikek, Oiartzoko ikasleek, Sputnikek, Udalak zein hainbat norbanakok proposatutako irizpideekin eta lan egiteko filosofiarekin.

2022ko SAN TOMAS eguneko egitaraua:

  • 11:00etan Azokaren irekiera eta pregoia – Zumardiko kioskoan
  • 11:30etan Udal Txistularien Taldea – herriko kaleetatik
  • 13:00ean Bertso saioa – Foru plazan
  • 15:00ean June Galardiren kontzertu akustikoa – Foru plazan
  • 16:00ean Txapel jaurtiketa lehiaketa – Foru plazan
  • 16:30ean Bingo musikatua – Foru plazan
  • 17:30ean Herri kirolak – Agirre lehendakariaren plazan
  • 17:00etan Errenteria Musikaleko dantzaldia – Xabier Olaskoaga plazan
  • 18:00etan Trikitilariak – Herriko kaleetan barna
  • 18:30ean Jauziak – Zumardian
  • 18:30ean Deiadar txaranga – Herriko kaleetan zehar
  • 18:45ean Amulletako danborrak – Herriko kaleetatik
  • 20:00etan Sari banaketa – Zumardiko kioskoan

Egitarau oparo hau Neguko Solstizioa/San Tomas Lagun ikurra izango duten herriko saltoki eta hainbat tabernari esker atera da aurrera, horiek ere lagundu baitute euren ekarpenen bitartez. Horrez gain, ama-lurrak ematen dituen produktuak dastatzeko, ikusteko eta erosteko aukera izango da baserritarren postuetan nahiz artisauenenetan. Bestela, txistorra edota taloa jatea hautatuz gero, abagune ugari egongo dira eragileen postuetan. Eguneko protagonista nagusia ere bertan izango da, Jusmertxo hain zuzen ere. Urtero bezala, gainera, haren pisua asmatzeko tartea ere izango dute herritarrek.

Aurten ere deialdi berezia luzatu nahi dio herritar orori San Tomas Batzordeak solstizio egun honetan. Lehenik eta behin, atera ditzatela armairuan gordetako baserritar jantziak. Bigarrenik, ez ditzatela ahantzi edalontzi berrerabilgarriak etxean, berrerabiltzeko sortuak baitira. Bestetik, euskarak egiten gaitu euskaldun, hortaz, horrelako egun batean inoiz baino gehiago erabil dezatela. Azkenik, gogorarazi nahi da animaliak ere errespetatu behar direla, eta bide batez argi utzi nahi izan dute Neguko Solstizioak/San Tomas eguneko Batzordeak ez duela inongo eraso sexista edota arrazistarik onartuko herrian.