Familia Laguna programaren ikasturte honetako lehen topaketa

Aste honetan, 19 astelehena, Familia Laguna 2022-23 programaren lehenengo topaketa izan da Merkatuzarren (Jose Luis Caso aretoan).
Programa hori 2021-22 ikasturtean jarri zen abian Koldo Mitxelena Herri Ikastetxean, eta Errenteriako Udalak herriko Haur eta Lehen Hezkuntzako sei ikastetxeetara zabaltzearen aldeko apustua egin du, errealitate bakoitzera eta eskola-komunitate bakoitzaren ezaugarri eta testuinguruen sintoniara egokitu nahian.

Programaren helburua hauxe da: ikastetxeetara eta Errenteriara iritsi berri diren familiei harrera egoki bat egitea, ikastetxeetako eta udalerriko familien arteko kulturarteko harremanak sustatzea eta horiek guztiak euskarara batzea. Azken batean, herri kohesionatu bat lortzeko komunitatea eraikitzea.

Lehen topaketa horretan izan zen Errenteriako Udala, zehazki Kultur Aniztasun, Giza Eskubideak eta Garapenerako Lankidetzako Departamentua, ikastetxeetako zuzendaritzak eta ikasturte honetan programan parte hartuko duten familiak.
Ekitaldia aurkezpen labur batekin hasi zen. Bertan, Udalak eta ikastetxeek familien inplikazioa indartu zuten eta programari babesa eman zioten. Familien parte-hartze handia izan zuen saioak, eta ikasturte honetan akonpainamendu prozesuan arituko diren bikoteen aurkezpenak egin ziren. Horrekin batera, familien arteko elkargune bat sortu zen, bikoteek ikastetxeetan eta udalerrian egingo dituzten kulturarteko harremanen oinarriak ezarriko dituena.
Programan parte hartzea erabaki duten familia guztiei harreman polita opa dizue Udalak.