Bueltan da ‘BIZITU’ ekimena, zinema egokitua familia osoarentzat

Juneren Hegoak eta Mindara elkarteek gaur aurkeztu dute Bizitu proiektuaren seigarren saioa. Proiektu honek familia osoarentzako zine saioak eskaini nahi ditu, zinearen baldintzak egokituz haur zein familia guztientzako. Datorren saioa asteazkenean izango da, abenduaren 28an, arratsaldeko 17:00etan Niessen Kulturgunean. Honako honetan ‘Terra Willy’ filma euskaraz disfrutatzeko aukera egongo da, ‘Kultur Malutak’ programaren baitan.

Bizitu ekimena 2017 urtean jaio zen honako helburu hauekin:

• Dibertsitate funtzionala duten haurrei zinemaz disfrutatzeko esperientzia eskaintzea, baldintza berdinetan;
• Aisialdiko eta ondo pasatzeko giroa sortzea;
• Elkar ezagutaraztea eta aisialdiko gune horretan ere parte hartaraztea, saioa publiko guztiari eta haur guztiari irekita baitago.

Azken saioetan bezala, Eskuaire elkarteak ere parte hartuko du, zeinu hizkuntza erabiliz aldibereko itzulpena eginez.

Aurkezpenean azaldu dutenez, gune kulturalek orokorrean eta batez ere behar bereziak dituzten haurren familientzat benetako aisialdiko gune bat izateko dituzten zailtasunak nabarmendu ondoren sortu zen proiektu hau. Eta zine aretoak egoera berdinean daude: ezin dira topagunea bihurtu pertsona hauen beharrei aurre egiteko.

Juneren Hegoak eta Mindara elkarteak bere esku-hartzean laguntzen dieten haurrei erantzuna eman nahi die, eta aisialdia eta kultura funtsezkoak ere baitira pertsonen garapenean.

Horregatik, publiko osoarentzako pelikula eskaintzeaz gain, saioan filma komentatzeko aukera egongo da, argiak piztuta izango dituzte, beharrezkoa bada ikusleak mugi daitezke, gunea txukunduko da parte-hartzaileak erosoak egoteko, bolumena egokituko da ohiko zinema saioetan baino baxuago egon dadin… dibertsitate funtzionala duten haurrentzat zinema egokituz; horrela ere esperientzia hau partekatuko dute Bizitu proiektuan parte hartu nahi duten beste haur eta familiekin.

Aurkezpenean eskerrak eman dizkiete proiektu honetan lagundu duten beste eragileei zein pertsonei: Ozzinema elkartea, Eskuaire elkartea, Askore enpresa, Zineuskadi, Errenteriako Udala eta Errenteriako familia zein herritarrak.

Asteazkeneko saiorako sarrerak agortuta daude.